Bilboko Euskal Museoak etxetik parte hartzeko online bidezko argazkilaritza lehiaketa antolatu du

Parte hartzaileek museoko piezaren bat alderatu beharko dute etxean duten eguneroko objektu batekin. Argazkiak martxoaren 27ra arte bidali ahal izango dira.

Itxialdiko egun hauetan, hausnartzeko eta pentsatzeko sasoi honetan… Bilboko Euskal Museoak iraganera bueltatzea proposatzen du: egungo mundua gure aiton-amonen munduarekin alderatzea, bizirik jarraitzen duen eta Euskal Museoko aretoetan arnastu daitekeen munduarekin alderatzea, alegia. Guzti hori asmakizun baten bidez egitea proposatzen du Bilboko Museoak.

Hala, lehiaketan parte hartu nahi dutenek eguneroko objektu bat aukeratu beharko dute. Etxeko zerbait, ia egunero erabiltzen dena. Aukeratu aurretik baina, ondo pentsatu beharko da aukeratutako pieza horren inguruan. “Nola heldu da etxera? Zertarako erabiltzen dugu? Beste ezer erabil genezake gauza bera egiteko? Egiten al dugu? Noiztik da ohikoa gure etxeetan? (ohikoa baldin bada),  bere erabilpenak aldaketa handia ekarri du? Zer motatakoa da?…”

Hurrengo pausoa Euskal Museoaren Ensime plataforma digitalean sartzea izango da, bertan museoko pieza eta informazioa egongo da eskuragai: “sasoi bateko baliokidea topatu beharko da, antzeko funtzioa duen objektu bat, horren bitartez gaurko garaia eta ordukoa alderatu ahal izateko”, azaldu dute antolatzaileek.

Bukatzeko, aukeratutako objektuari argazkia atera eta Museoko piezarekin daukan lotura azaldu beharko da. Parte hartzaileak bere buruari egin dizkion galdera-erantzunak eta argazkia bidali beharko ditu hilaren 27ra arte, helbide honetara: itziar.martija@bbmuseoak.eus. Irabazleari Euskal Museoan sartzeko urteko txartela emango zaio. Horretaz gain, beste parte-hartzaileen argazkiak ikusi eta botoa eman ahal izango da, lotura honetan.

Formatu honen bidez, Bilboko Museoak berrogeialdiaren ondorioz, museoa publikoarentzat itxita dagoen bitartean, etxean sormena garatzea du helburu, baita pertsonek euskal kulturaren objektu adierazgarrien inguruan hausnartzea ere, argazkia atera aurretik eta ez ondoren.

Zabaldu: