Bildumako 50.000 pieza baino gehiago kanpoko biltegira eramaten ari dira, eta dagoeneko 25.000 objektu mugitu dira.
Bilboko Euskal Museoak Zamudioko kanpoko biltegi berria aurkeztu du. Honetan bildumaren zatirik handiena kontserbazio-neurri zorrotzen arabera gordeko da.
Euskal Museoak bederatzi biltegi izan ditu orain arte Unamuno plazan duen eraikinean. Gaur egun, bertan gordetako bildumako 50.000 pieza baino gehiago kanpoko biltegira eramaten ari dira, dagoeneko 25.000 objektu mugitu dira. Hala, “nabarmen hobetu da gure kultura-ondarearen kontserbazioa”, adierazi dute arduradunek. Gainera, ondare horren zati bat –7.600 pieza inguru gaur egun– Eusko Jaurlaritzaren Emsime plataforma digitalaren bidez kontsulta daiteke. Plataforma hori funtsen online katalogoa da, eta Bizkaiko instituzioaren gero eta bilduma gehiago du ikusgai jendearentzat.
Prozesu horretan, partikularren gordailuak jasotzeko profitatu dute, hala nola altzariko pieza batzuk, Euskal Museoaren bilduman jada ordezkatuta egonda jabeei itzuli zaizkienak. Era berean, bildumaren gordailuak egin dira beste instituzio batzuetan. Horren adibide dira Bilboko Itsas Museoan utzitako nabigazio-tresnak eta itsasontzien maketak.
Giza taldeari dagokionez, Museoko bi teknikarik, lau laguntzailek eta zaharberritzaile batek osatutako bi talde lanean ari dira hainbat txandatan, lekualdaketa egin ahal izateko eta 2021eko bigarren hiruhilekoan amaitzeko.
Euskal Museoaren bildumaren dibertsitatea ikusita, lantalde horiek pieza bakoitza banan-banan aztertzen dute, beren izaeraren arabera lekualdatu behar direla kontuan hartuta: euskarria, osatzen duen materia edo kontserbazio-egoera. Azterketa pertsonalizatu horri esker, materialak eta paketatzeko sistema espezifikoak egokitu daitezke kontserbazio-arauak betez. Hala, kristalezko merkataritzako errotulu hautsiak, zeinak inguruko enpresek hornitutako polikarbonato zelularreko plantxak erabiliz paketatu baitira, nola objektu bereziak, esaterako, Erdi Aroko burukoak, zeinetarako azidorik gabeko euskarri neutro bat egin baita, buru bat simulatuz, burukoa posizio natural batean edukitzeko.
Horrez gain, errepidetik ibilbide bat ezarri da, ondarea lekualdatzen ari dela kontuan hartuta, eta zuloak, bat-bateko mugimenduak eta abar saihestu dira, piezek kalterik izan ez dezaten. Orain arte, ez da inolako gorabeherarik izan lekualdatze-lanetan, Covid-19aren eragina eta osasun-neurri berriak ahaztu gabe, lekualdatze-prozesua berregokitu behar izan baitzen horren ondorioz.
Bildumaren kasu/zainketa bereziak
Euskal Museoaren teknikek kontuan izan dute material organikoz osatutako bildumako piezek, zurezko kutxa bat, adibidez, edo pieza horietako batzuek, laia bat, kasu, anoxia-tratamendu bat behar dutela biltegira eraman aurretik.
Anoxia desintsektazio-prozesuaren bidez, intsektua duen zura atmosfera eraldatu batean izaten da denbora batez, oxigenoaren ordez nitrogenoa bezalako gas geldo bat duen ganbera estatiko batean, intsektu xilofago guztiak eta haien arrautzak desagerrarazteko.
Objektu gehienek izan duten tratamendu horretaz gain, lekualdatzeko taldearen parte den zaharberritzaile-talde bat arduratzen da piezek biltegira eraman aurretik dituzten kontserbazio-premiez. Kasu guztietan, “ahalegina egiten da prebentziozko kontserbazioa aplikatzeko, kontserbazio sendagarria baino lehen, azken aukera horrek piezan esku hartzen baitu, eta hori saihestu beharreko kontua baita beti”, azaldu dute.