Bilboko Foru Liburutegiak palindromoen berrogeita hamar kartel baino gehiago jarri ditu ikusgai

Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Bilboko Foru liburutegiko Areto Nagusiak Markos Gimenoren Karteletrak erakusketa irekiko du gaurtik, urriak 7, aurrera. Markos Gimenok euskaraz idatzitako palindromoetatik sortutako berrogeita hamar kartel baino gehiagok osatzen dute erakusketa hau. Kartel horietako batzuk Gimenok berak diseinatu zituen, baina Joseba Sarrionandiaren lanari esker haren lagun askok eta bertako hogeita hamar artista baino gehiagok palindromo horiek kartel formatuan ilustratzen lagundu nahi izan dute, Markosekiko adiskidetasunari eta haren jenialtasunari egindako omenaldi batean. Erakusketak euskararen eta sorkuntza artistikoaren batasuna jasotzen du, hitzak arte bihurtuz.

Gehienak PVCn erreproduzitutako irudiak dira, kartel itxurakoak, baina bisitariak jatorrizko lanak ere aurkitu ahal izango ditu (collageak, akrilikoak, erliebeak, tintazko marrazkiak). Egile hauenak dira, besteak beste,: Fernando eta Vicente Roscubas anaiak, Aristides Hernandez Ares artista kubatarra; Jose Enrike Urrutia, Kapeau; Unai Iturriaga, Bigara eta Jose Antonio Azpilicueta ilustratzaileak; eta Gotzon Garaizabal eta Luis Zabalamendiaren erliebezko lanak. Gainera, Markosen laguna eta zeramista den Esther Astarloaren lankidetzari esker, Markosen palindromoetan oinarritutako zeramikazko piezak ikusi ahal izango dira.

Markos Gimeno Vesga

Markos Gimeno Vesga artista polifazetiko eta moldakorra izan zen. 1974ko maiatzaren 5ean jaio zen Ermuan. Bere inguru osoa animatzeko, entretenitzeko eta ingurukoei pentsarazteko dohaina zuen eta sorkuntzara bideratutako bizitza izan zuen, bipolaritatea eta depresio-aldiak zituen arren, eta, azkenik, 44 urterekin bere buruaz beste egin zuen Eibarren, 2018ko abenduaren 7an.

Musika arloan, baxua joz eta ahotsa jarriz, The Pepes, Julio Kageta, Dantzut eta, azkenik, PAM (Puto Amoak Matematiketan) taldeetako kide izan zen.

Antzerkian ere aritu zen, Juanma Rodriguezekin batera, Hipo y Condrias, Macho-Maris eta beste obra batzuetan. Ahozko esperimentazio lan bikaina garatu zuen. Alde batetik, umorezko sorkuntza lexikalaren esparruan, Hitzokei proiektuan. Bestetik, palindromismoaren esparruan, ezkerretik eskuinera eta alderantzizko zentzuan berdin irakurtzen diren hitzak edo esaldiak aurkituz.

Zerorajasoa.com bere blogean urteetan zehar palindromikako igarkizun jokoak proposatu zituen, 131 AZA (2014) liburuan jasoak. Club Palindromista Internacional elkarteko kidea izan zen eta jarduera ludolinguistiko honetan aritu zen euskaldun gutxietako bat izan da. Azken urteetan, gainera, calambour elebiduna garatu zuen, Skizopoziks (2016) monologo esperimentalarekin; proiektu honetan bi hizkuntzetako homofoniarekin jolasten zuen, bere bipolaritatea armairutik ateraz.

Zabaldu:

Utzi erantzuna