(argazkia: Zenbat Gara Elkartea)

Bilboko Kafe Antzokia, 30 urte euskara eta euskal kultura hauspotzen

Hasieratik helburu argi bat izan du Zenbat Gera Elkarteak: Bilbon bizi den euskal komunitatea bildu eta trinkotzea, ikasleak eta ikasitakoak hiztun guztiak hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragileak bihurtzea.

Gaur, abenduak 15, 30 urte betetzen dira Kafe Antzokiak ateak zabaldu zituela Bilbon. Horrekin batera badira, halaber, 30 urte Gabriel Aresti euskaltegia eta Zenbat Gara elkartearen gainerako jarduerak hasi zirela lanean Done Bikendi kalearen 2an, eraikin osoa zinezko euskararen etxea bihurtuta.

Bilboko Zenbat Gara elkarteak efemeride hau ospatzen ari da egunotan, “urteotan Zenbat Garan aritu garen ehunka lagunen arteko topaketa egin genuen atzo, eguerdian hasita, fanfarreak, txistulariak eta trikitilariak lagunduta, Zazpikaleetan barna. Gero Abandora igo eta Kafe Antzokian bazkari ederra izan genuen. Ondoren Argia Dantza taldearen emanaldia, Urbeltzen Dantza Ganbara etorri ziren; gaur Errobi taldearen kontzertua eta asteazken arratsaldean kantagintza saio berezia izango dugu, Anje Duhalde eta Josu Zabalak gidatuta”, adierazi dute elkarteko kideek.

1990eko hamarkada hasieran, Gabriel Aresti euskaltegiko irakasleen egiaztapen eta gogoetatik sortu zen helduen euskalduntzeaz harago joatearen beharrizana, helduak Bilboko euskaltegietan euskaldundu arren, gero ez zutela non-noiz-norekin euskaraz jardun, elkarrizketa egoera errealetan. Hori izan zen Zenbat Gararen abiaburua: Bilbon euskaraz, modu naturalean harremantzeko guneak eta uneak sortzea. Bilboko erdigunean gainera, euskararentzat arrotza eta euskaldunari arrotza egiten zitzaion ingurunean kokatu zen euskarari zentraltasuna eta duintasuna eman nahi zion elkartea.

Hala, 1995ean Kafe Antzokia sortu zuten, aurreko urtean Algara konpartsa sortu ondoren, eta horrela heldu ziren osteko beste batzuk ere, Bilbo Hiria Irratia, Erroa argitaletxea eta haur eta gazteentzako Kurkuluxetan eta Gazteola ekimenak, behinenak aipatzearren. Denak, bakoitza bere arloan, baina helburu berberen inguruan: Bilbon bizi den euskal komunitatea bildu eta trinkotzea, ikasleak eta ikasitakoak hiztun guztiak hiztun aktiboak eta euskal sorkuntzaren hartzaile eta eragileak bihurtzea.

Nabarmendu dutenez, “urte hauetan guztietan euskararen etxea bilakatu da gurea, bai, Gabriel Arestik zioen bezala ‘euskarak bizi gaitu’, baina euskara bizirik dagoen arnasguneaz gaindi, kaleak, auzoak behar ditu euskarak, Zorrotzatik Otxarkoagara, San Inaziotik Boluetara. Egunotan ari gara, han eta hemen, azaltzen eta aldarrikatzen, euskarak zabalkundea eta errespetua behar duela Bilbon, auzo guztietan, arlo guztietan. Hori da gure kezka handia, egun, Bilbon euskaldun moduan bizitzea zinezko odisea baita”.

Zenbat Gara elkartea gazte mantentzea da bertako kideen beste arduretako bat, ezinbesteko ikusten baitute, beste 30 urtez iraungo badu, erreleboa eta transmisioa behar bezala egitea. Horretan ari dira, baita etorkizunari begirako beste ekimen batzuk prestatzen ere. “Oraina eta etorkizuna dira garrantzitsuenak une honetan, baina noizean behin iraganari so egitea ere ondo dago, nondik gatozen ikusteko eta bizirik gaudela ospatzeko. Horregatik profitatu dugu efemeridea Zenbat Gararen osotasuna eta aniztasuna mahai gainean jarrita, etxe honen bueltan urteotan ibili garenok bildu, bidean joan zaizkigunak oroitu eta 30 urteak ospatzeko, beste horrenbeste betetzeko gogoz”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna