(argazkia: Luberri konpartsa)

Bilboko Konpartsek hainbat kulturgilek betoen kontra sinatutako manifestuaren harira erantzun bat emateko agiria aurkeztu dute

Diotenez, orain arte, kontu hau modu pribatuan tratatu izan dute, “gatazka ez elikatzeko, interes mediatiko artifizialik ez sortzeko eta gure indar guztiak data hauetan nahiko estua den gure ohiko agendara bideratu ahal izateko”.

Bilboko Konpartsek hainbat kulturgilek betoen kontra sinatutako manifestuaren harira,  azken aste hauetan, erantzun bat emateko beharra sumatu dutela adierazi dute, hedabide eta norbanakoen zalantzak argitzeko. “Kontziente gara erantzuna denboran luzatu egin dela Bilboko Konpartsetan erabakiak modu asanblearioan hartzen ditugulako, konpartsa guztien iritziak entzuten, eta, gainera, nork bere denbora librea jai herrikoien antolakuntzari eskaintzen dioten pertsona boluntarioez osatuak gara”.

Azaldu dutenez, Bilboko Konpartsak Federazioa “bilbotar guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile eta anitzak” bultzatzeko helburuarekin sortu zen. “Askotariko mugimenduen aterpe heterodoxoa izan da beti, eta izango da. Azken hilabeteetan, nolanahi ere, hori zalantzan jarri nahi izan du Bilboko Konpartsen barne mailako kontu batek: Federazioaren kide izateko Luberri konpartsaren eskaerari azaroan emandako ezezkoaren aurrean izan diren akusazioak”.

Horren aurrean, kontua argitzen lagunduko duten ideia hauek nabarmendu nahi izan dituzte: “Bilboko Konpartsak Federazioa erabakiak hartzeko organo burujabea da, eta bere erritmoak eta bideak ditu erabakiak hartzeko. Erabaki horiek modu kolektiboan hartzen dira, kide diren konpartsen arteko asanbladan. Konpartsa bakoitzak modu burujabean bere postura erabakitzen du eta gero 27 konpartsek asanbladan elkartuta adosten dituzte erabakiak, betiere estatutuek ezarritako prozeduraren baitan. Esaterako, Federazioan konpartsa berri bat onartzeko aurrez zehaztutako prozedura batzuk daude adostuta, urrats, epe eta baldintza zehatz batzuekin”.

Konpartsek diotenez, sarbide eskaera bat jaso zuten 2023ko hasieran, Luberri talde sortu berriaren partetik, eta konpartsa guztiek sartzeko bete behar dituzten baldintza berak betetzea eskatu zioten: Konpartsa direla erakusteko, besteak beste, kide kopuru jakin bat izatea; Bilboko Konpartsen balioekin (euskararen normalizazioa, ekologismoa, eta feminismoa, batzuk aipatzearren) bat egiten dutela erakustea; eta Bilboko Konpartsen federazioaren eremu anitz eta parte-hartzailean aritzeko gai direla erakustea. “Adibide zehatz batzuk jartzeko, konfiantzan oinarritutako barne harreman onak eta denetariko iritziak dituen jendearekin elkarlanean aritzeko gaitasuna erakutsi behar zuten”, adierazi dute.

2023ko azaroan urteroko batzar orokorrean, Bilboko 27 konpartsen ordezkariek talde berriak Federazioan onartua izateko baldintzak betetzen zituen baloratu zuten eta gehiengoak erabaki zuen momentuz ez zituela betetzen. “Konpartsa bakoitzak bere ikuspuntua eta arrazoibidea emateko aukera izan zuen, eta erabakia modu asanblearioan hartu zen”. Azpimarratu nahi izan dute konpartsa bakoitzak erabakiak hartzeko autonomia duela, eta “iritziak emateko eragile burujabeak eta zilegiak izanik, inoiz ez ditugu erabaki horiek zalantzan jarriko eta ez dugu horietan esku-sartzerik onartuko. 27 konpartsetako bakoitzak hartutako erabakiek, elkartuta, markatzen dituzte Federazioaren erabakiak, eta uste dugu jokabide horrek beti ezaugarritu duela gure izaera. Federazioak ez ditu epaitzen konpartsa bakoitzak izan ditzakeen posizioak eta argudiaketak”.

Modu horretan hausnartu eta eztabaidatu ostean, konpartsek Luberri konpartsa Federazioan momentuz ez sartzea erabaki zuten, baina Bilboko Konpartsen edozein jardueratan parte hartzea librea izanik, horretara animatu zituzten. Asanblada Orokor hartan erabakitakoaren arabera, bidea elkar ezagutzea, espazioak partekatzea, jaiak elkarrekin gozatzea… izango zela ulertu zuten konpartsek eta Luberriren esku utzi zuten Federazioan sartzeko eskaera berriro egitea, berriro aztertua izan zedin. “Azaroko asanblada harez geroztik, ez dugu jaso Luberriren aldetik beste sarbide eskaerarik. Horren ordez, berehala, beto akusazioa jaso genuen haien partetik”.

Era berean, lehengoan aurkeztutako manifestua Bilboko Konpartsen betoa dagoela dioen baieztapenetik abiatzen da, eta konpartsek erabat ukatu dute hori. “Azpimarratu nahi dugu betoa leporatzen digun manifestua sinatu duten kulturgileak ez direla Bilboko Konpartsen Federazioarekin harremanetan jarri gure ikuspuntua kontrastatzeko, federazioarekiko eta bere ibilbidearekiko gutxieneko begiruneak eskatuko lukeen moduan”.

Horren aurrean, honako hau argi utzi nahi izan du Federazioak: “Bilboko Konpartsetan kide gehiago onartzea Federazioaren erabaki burujabea da. Horrek ez du esan nahi jai herrikoietan parte hartzeko betorik dagoenik, ez ditugu akusazio horiek onartzen. Bilboko Konpartsak ez dira barra bat muntatzeko baliabide soila, hori egiteko beste hainbat aukera eta esparru daude eta. Bilboko Konpartsak urtean zehar jai herrikoiak bultzatzeko esparru bat da, gure balio anitzak mundura proiektatzekoa eta askoren artean adostutako ekimenak bultzatzekoa. Horren haritik, ez dugu onartuko Bilboko Konpartsak ideologia zehatz baten mende gaudela dion akusaziorik; Federazioa ideologia anitzeko proiektu sozialak sostengatzen dituzten konpartsen elkargunea da, hala nola feminismoa, euskaltzaletasuna, antiespezismoa, antimilitarismoa, hainbat auzotako girotzeaz arduratzen diren konpartsak, eta abar”.

Bilboko Konpartsen federazioak, boluntarioek bultzatutakoa, “bere erritmoak eta jarduteko era propioak ditu. Batzuetan asmatu eta beste batzuetan erratu egin gaitezke, baina ez dugu inoiz onartuko zalantzan jartzea gure autonomia, geure kideek erabakiak hartzeko eskubidea eta Federazioaren aniztasuna. Harro gaude eztabaida luzeak izan dituen eta kontraesanak gainditzeko eta egoera eta errealitate bakoitzera moldatzeko gai izan den gure Federazioaz. Gure zeregina jaiak giro onean eta anitzean antolatzea da, ez ordea bertakoen arteko gatazka politikorako gunea izatea, eta giro on eta anitz hori jarraituko dugu zaintzen. Hori dela eta, elkarlan osasungarrirako borondatea eta prestutasuna erakusten duten eragileekin eta gure baloreak errespetatzen dituzten elkarte, talde eta organismoekin elkarlanean jarraituko dugu, eta hori ziurtatzea da Bilboko Konpartsen asmo nagusia”, bukatu dute.

Zabaldu: