Bilboko Konpartsek Jai herrikoiak aldarrikatuko dituzte larunbatean

Prentsaurreko batekin abiatuko da larunbat honetako egitaraua, 12:30ean, Areatzan. Arratsaldean, berriz, “kalejira-manifestazioa” izango da, 18:00etan Arriagatik abiatuta.

Bilboko konpartsek adierazi dutenez, “osasun-krisiak eragotziko du aurten Konpartsakide Eguna normaltasunez burutzea”. Bilboko Aste Nagusirako motorren beroketari hasiera ematen dion konpartsen arteko ospakizuna da ekimena. Hala ere, Konpartsek jai herrikoiak aldarrikatzeko aukera ez dute galdu nahi izan, eta datorren larunbatean, uztailaren 18an, Bilboko Areatzan jai eredu herrikoi horren aldarria egiteko elkartuko dira, beti ere osasun-neurriak mantenduz.

Hala, eguerdian, prentsaurrekoa eskainiko dute eta arratsalderako “kalejira-manifestazioa” deitu dute. Konpartsak datozen hilabete eta urteei begiratzen hasi dira, eta beldur dira aurreko krisietan bezala, erakundeek  oraingo normaltasun berria eta krisi ekonomikoa baliatuko ote dituzten jai herrikoiei murrizketak, trabak eta debekuak ipintzeko, eredu parte-hartzailearen kontra jotzeko eta arlo horren pribatizazioa sustatzeko, osasungintzan, hezkuntzan eta abarretan gertatu den legez. Horregatik, egoera salatu eta herri mugimenduaren alde agertuko dira, Euskal Herriko jai-eragileak elkarlanera deituta.

Elkarlanerako deia dela diote, “elkarlana, eta ez inposizioa”, izan ere, elkarlana oinarrizko baliotzat dute konpartsek. “Azken hilabeteotan Bilboko Udalak jai eragile herrikoienganako jarrera itxia eta inposatzailea erakutsi duen arren, konpartsek elkarlanerako prest jarraitzen dugu”; hala, Jai Batzorde Mistoari eustea ezinbestekoa ikusten dute nahiz eta osasun egoera honetan, 2020ko Aste Nagusia ezingo den egin. Pandemiak sortutako egoera lazgarri honetan, Bilbok behar dituen “jaia, festa, parte-hartzea eta alaitasuna” eman nahi dute konpartsek, elkar zaintza, osasun-neurriak eta prebentzio-irizpideak aplikatuta.

Konpartsakide Eguna uztail erdialdean egiten da urtero. Hitzordu horretan konpartsa guztiak Bilboko Areatzan biltzen dira egun osoz, jai-giroan, jan-edanaren laguntzaz: “haurrak, gazteak eta adinekoak, lapikoak berotuta, pintxo lehiaketaz, bazkariaz eta erromeriaz gozatzen”. Aurten, jarduera horiek ez dira egingo.

Zabaldu: