Bilboko La Taller guneak ‘Zutik eta sutan’ erakusketa irekiko du irailaren 10ean

Elena Sarasola argazkilari bilbotarraren bilduma irailaren 23ra arte bisitatu ahal izango da.

Udako etenaldiaren ondoren, Elena Sarasola argazkilari bilbotarraren Zutik eta sutan, bollerak eta aktibismoa Bilbon, 1986-1992 izeneko erakusketa laburra zabalduko du La Taller guneak, irailaren 10ean.

Bilboko Aretoan Sarasolaren artxiboko argazkien aukeraketa bat ikusi ahal izango da: “gizartean erreferente lesbikorik ez zegoela ikusita, eta artxibo dokumentalak eraikitzeak duen garrantziaz jabetuta, fokua lesbiana taldeetan jarri zuen, Uholde taberna ikonikoaren atarian, esaterako, hainbat manifestaziotan, jaietan eta abarretan talde hauek erakutsi zuten konpromisoan”, azaldu dute La Taller guneko kideek.

Argazkilariak  80ko hamarkadaren bigarren erdialdean eta 90ekoaren hasieran, Europa hegoaldeko hiri periferiko batean, lesbiana taldeen lehendabiziko praktika kolektiboak dokumentatu zituen. Izan ere, kalera irten eta emakume haiek hainbat eskubide aldarrikatzera eraman zituzten korronte afektibo-politikoen argazkiak egin zituen, Contax kamera txiki batekin.

Erakusketa honek denboran bat egingo du Zutik, zutik, zutik erakusketarekin. Historia y memoria del movimiento feminista en Bizkaia (1968-1994), EHUko Esperientzia Modernoa ikerketa-taldeko Mercedes Arbaizak komisariatua, eta AMBko Maite Albiz Dokumentazio Zentroarekin batera antolatua. Erakusketa irailaren 6an inauguratuko da Bilboko Zabalguneko merkatuan.

Sarasolak kazetaritza eta Ikus-Entzunezko Lanbide Heziketa ikasi zituen. LGTB aktibismoari lotuta dago gaztetatik, eta gaur egun Bilboko Badulake Kafe-teatroa-zuzentzen du, Yolanda Martinez lankidearekin batera.

Erakusketa irailaren 10etik 23ra bitartean bisitatu ahal izango da Bilboko La Taller aretoan.

Zabaldu: