(argazkia: Euskaltzaindia)

Bilboko Lautan Hiru antzerki-jaialdiak ‘antzerkiaren gorputzari’ erreparatuko dio aurten

Seigarren edizioa lau ostegunetan egingo da (otsailaren 8an, 15ean, 22an eta 29an), eta guztira zortzi ekitaldi eskainiko dira: bost antzezpen, bakarrizketa bat, tailer performatibo eta parte-hartzaile bat, eta bi irakurraldi dramatizatu.

Lautan Hiru antzerki-jaialdiak Bilboko Zazpi Kaleetako bazterrak astinduko ditu aurten ere. Otsaileko lau ostegunetan, euskarazko antzerkia izango da nagusi hiriburuko Alde Zaharrean.

Aurten, otsailaren 8an, 15ean, 2an eta 29an egingo da jaialdia eta Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok, BIRA Kulturguneak eta 7Katuk antolatu dute egitaraua. Eszenatokiei dagokionez, iazko bost espazioei La Sinsorga kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, sei lekutan programatuko dira lanak: La Sinsorga, Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.

Iaz dramaturgia izan zuen ardatz jaialdiak, eta aurten antzerkiaren gorputza-ri erreparatuko dio. Honela, estreinako egunean, gorputzaren adierazpen kontzientzia lantzeko tailer performatibo eta parte-hartzailea emango dute Ainhoa Artetxek eta Itsaso Payak, Euskaltzaindiaren egoitzan. Horrez gain, bost antzezpen (tartean bi estreinaldi), bi irakurketa dramatizatu eta Telmo Iruretaren bakarrizketa (hau ere estreinaldia) biltzen ditu aurtengo egitarauak. Gainera, EHAZErekin batera antolatutako Ikusle-klubari ere eutsiko zaio.

Antolatzaileek nabarmendu dutenez, jaialdiaren helburuak ez dira aldatu: “euskarazko antzerkia hauspotu nahi dugu (antzezlan guztiak euskaraz emango dira); antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini nahi dizkiegu sortzaileei; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin nahi dugu, kultura aukerak zabalduta”.

Gaurko prentsaurrekoan, Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazi duenez, “mikrokosmos bezalako bat da Lautan Hiru, sortu da giro bat, antzerkia ikusteko gogo bat… Akontezimentu bat da, eta hori garrantzitsua da. Zaleek zaintzen dute jaialdia eta erantzuten diote eskaintzen dugunari, aretoak betez. Euskarak eta euskal antzerkiak bilatu du txoko polit bat Bilbon, arnas leku bat”.

Antzerki-ekoizpenari laguntza

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu zen, eta aurten Iruñeko La Piel konpainiak jaso du, Beren izenez lanagatik. Lan hau jaialdian estreinatuko da, hain zuzen, otsailaren 22an.

Ikusle kluba

Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin batera, 2022an Ikusle kluba antolatu zen estreinakoz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Franca Rame eta Dario Fo-ren Putaren bakarrizketa eroetxean antzezlana aztertuko du. Putaren bakarrizketa eroetxean otsailaren 8an taularatuko du Laura Penagos aktoreak, La Sinsorgan, eta Ikusle kluba aurreko egunean bilduko da: otsailaren 7an, 19:00etan, La Sinsorgan bertan. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea izango da.

Sarrerak eta zozketak

Urtero bezala, bonuak eta sarrerak jarriko dituzte salgai. Bonuak 7 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko ikuskizun biak ikusteko aukera izango dute erosleek. Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 4 euro).

Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, gaurtik hasi eta agortu arte. Gainera, astero bonua erosi duten zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko direla azpimarratu dute. “Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da beti, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira”.

Zabaldu: