Jaialdiaren bosgarren edizioa lau ostegunetan egingo da (otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an), eta guztira bederatzi ekitaldi eskainiko dira: sei antzezpen, solasaldi taularatu bat, irakurraldi dramatizatu bat eta Ganbila bildumaren aurkezpena.
Aurten, gogoberrituta eta nobedadez jantzita dator Bilboko Lautan hiru antzerki-jaialdia. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira: Lautan hiruk ekoitzitako saio esperimental bat (solasaldi taularatua) eta Patxo Telleriaren eskutik bakarrizketa bat, Ganbila bildumaren aurkezpena… Antolatzaileen arabera, hasierako helburuekin dator bosgarren edizio hau: “euskarazko antzerkia hauspotu; Sortzaileei antzezlanak erakusteko gune berriak eskaini; eta Bilboko Zazpikaleetako giroan eragin, kultura aukerak zabalduta.
Aurten, otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da jaialdia, eta lau ostegunez jarraian antzerkiz blaituko da hiriko Alde Zaharra. Euskaltzaindiak aurten ere elkarlanean antolatu du egitaraua, hain zuzen, Cafe Bar Bilbaorekin eta BIRA Kulturgunearekin batera. Eszenatokiei dagokionez, betiko laurei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza.
Gaurko agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu nahi izan du bosgarren aldia jarraian antolatzearen garrantzia: “Pandemiak pandemia, bizirik mantendu dugu Lautan hiru, eta jendeak beti erantzun izan du. Nola egin dugun? Elkarlanean. Guretzako modurik eraginkorrena da”. Lantaldeak gogotsu hartu du bosgarrena antolatzeko erronka, eta ekitaldi gutxiago antolatzeko erabakia hartu da, kalitatearen mesedetan; “halan da bere, zaletuak asetuko dituzten sei antzezlan eder eta mamitsu programatu dira, irakurraldi bat eta solasaldi performatiboa, eta azken honetan Jokin Oregik, Aizpea Goenagak eta Eneritz Artetxek parte hartuko dute, Matxalen de Pedroren gidaritzapean”, azaldu du Urrutiak. Eta, azkenik, halakoetan esaten den esaldi ohikoarekin zarratu du bere hitzaldia euskaltzainburuak: “Zorte on guztioi eta kaka zaharra”.
Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak ere lankidetzaren garrantzia nabarmendu du bere berbaldian, horrek, berez, “euskararen aldeko erakunde eta ekimenen sare publiko-pribatua handitzea baitakar”. “Guztion ahalegina behar da gure hizkuntzaren erabilera normalizatzeko –esan du Narbaizak–, eguneroko eremu guztietan. Aisian ere bai. Dibertitu ere euskaraz dibertitu gaitezen, euskarazko kultura-produktuak kontsumitu… Horrela eginez gero, lagunduko dugu Bilbo gero eta euskaldunagoa izan dadin”.
Antzerki-ekoizpenari laguntza
2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen, Bilboko Udalaren babesarekin. Estreinako laguntza hori Artekartu konpainiak eskuratu zuen, Hauts artean lanagatik. 2021ean, berriz, Les Bobe Bobe konpainiak jaso zuen laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. 2022koa eman barik gelditu da, baina aurten beste deialdi bat egingo da, 2024ko edizioari begira.
Lautan hiruren ekoizpenak
Dramaren komeriak deseraikitzen (solasaldi taularatua): Matxalen de Pedrok gidatuko du esperientzia berria. Bertan, Aizpea Goenaga, Jokin Oregi eta Eneritz Artetxe ahaleginduko dira antzerkigintzaren gakoak azaltzen, modu umoretsu eta jostarian.
Txizatoki bat eszenatokian: Patxo Telleriak jaialdirako beren-beregi idatzi duen gidoia. Telleriak berak antzeztuko du, Lautan hiruren estreinako egunean.
Bestalde, Euskal Herriko Antzerkizaleen Elkartearekin (EHAZE) batera, Ikusle kluba antolatu zen iaz. Aurten ere esperientzia hori errepikatuko da, eta ikusle talde batek Maren Basterretxearen Igaro antzezlana aztertuko du. Igaro otsailaren 9an taularatuko du Basterretxeak, 7Katu gaztetxean, eta Ikusle-kluba aurreko egunean bilduko da. Hala, bizipenak partekatzeko gunea sortu nahi da, helburua antzezlanez gogotik gozatzea dela.
Sarrerak eta zozketak
Urtero bezala, bonuak eta sarrerak jarriko dira salgai. Bonuak 7 eurotan, eta jardunaldi bakoitzeko lan guztiak ikusteko aukera izango dute erosleek (ostegun bakoitzean bi). Sarrera bakarra erosteko aukera ere izango da, jakina (emanaldi bakoitzeko 4 euro).
Bonuak Bilboko Plaza Barriko Cafe Bar Bilbaon eta Erronda kaleko BIRA Kulturgunean salduko dira, bihartik hasita agortu arte. Antolakuntzak gogoratu duenez, “bonua erosi duten zaleen artean ‘opariak’ zozkatuko dira astero. Zozketa azken emanaldiaren ostean egingo da, eta opariak Zazpikaleetan euskara eta euskal kultura bultzatzen duten negozioekin adostuko dira”.
Egitaraua
Formatu txikiko lanak antzeztuko dira Lautan hiru jaialdian, hala iraupenari, nola muntaketari dagokionez (oro har, 25-50 minutuko piezak izango dira), eta, esan legez, bost agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan (Plaza Barria, 15), BIRA Kulturan (Erronda kalea, 2); Cafe Bar Bilbaon (Plaza Barria, 6); 7Katu gaztetxean (Solokoetxeko eskailerak) eta Kalderapekon (Txakur kalea, 1).
Otsailak 2
- 19etan (Euskaltzaindian): Txizatoki bat eszenatokian (Patxo Telleria) 40′
- 20etan (Kalderapekon): Nire zigilua (Alain Lersundi) 35′
Otsailak 9
- 19etan (7katu gaztetxean): Igaro (Maren Basterretxea) 30′
- 20etan (BIRAn): Zuri (Goitibera konpainia: Gaizka Chamizo, Saioa Iribarren, Ander Basaldua) 30′
Otsailak 16
- 19etan (Euskaltzaindian): Solasaldi eszenaratua (Jokin Oregi, Aizpea Goenaga, Eneritz Artetxe, Matxalen de Pedro) 50′
- 20etan (Cafe Bar Bilbaon): XX. Cafe Bar Bilbao saria (Lutxo Egiaren Hamalau: Irakurketa dramatizatua, Mikel Martinezen eskutik) 20′
Otsailak 23
- 19etan (Euskaltzaindian): Raska Nazka (Aitor Vinagret) 25′
- 19:30ean (Euskaltzaindian): Ganbila bildumaren aurkezpena (Oier Guillan)
- 20:30ean (BIRAn): Daisy Crazy (Pez Limbo konpainia: Josune Vélez de Mendizabal eta Ane Gebara)