Marmara taldea

Bilboko Loraldia Festibalak irlandar doinuak ekarriko ditu gurera Eire Festaren bidez

Martxoaren 17a Saint Patrick ́s Day irlandako jai egunarekin bat eginez, Loraldia Festibalak Eire Festa (Irlandako Haizeak – Cóisir Gaeilge) antolatu du, irlanda doinuak gurera ekarrita. Musika festa handi bat izango dela iragarri dute antolatzaileek. “Euskal Herriak Eire estimatzen duen adierazpena”. Honetan, gaelikoa eta euskara uztartuko dira.

Loraldia Festibalaren bederatzigarren edizioak Eire Festa (Irlandako Haizeak – Cóisir Gaeilge) dakar martxoaren 17ean Bilboko Kafe Antzokira.

San Patrick ́s Day egunean bertan Eireri (Irlandari) begira jarri da Bilboko festibala eta landa berde horietan mendez mende sortu den musika tradizioan publikoak dantza egingo duela iragarri du. “Musika festa handi bat izango da, Euskal Herriak Eire estimatzen duen adierazpena”, nabarmendu dute.

Marmara talde lekeitiarrak zabalduko du egitaraua eta irlandarren doinuen errepublikan murgilduko dira ikusleekin batera. Gaelikoz ondutako hainbat kanta a capella kantatuko dituzte.

Jarraian, dantza-eztanda egingo dute The Poguesen kanta probokatzaileekin. Arrasatetik datorkigun The Potes bandak McGowanen melodiak moldatzeko erronka hartu du. Haiekin batera McOnak taldeko kide Joseba Iturraspe eta Irati Irizar izango dira agertokian.

Beraz, hango eta hemengo kantak partekatuko dira festa honetan. “Ezuste bat baino gehiago gertatuko delakoan gaude eta ondo pasatzeko motiboak ez dira faltako”, adierazi dute antolatzaileek.

Zabaldu: