Obra Alfredo Sanzol testuaren egokitzapena da eta istorio txikietan oinarrituta dago. Udaren nostalgia eta haurtzaroaren askatasun galdua ekartzen ditu gogora.
Bilboko Pabellon 6 Antzerki Laborategiko Gazte Konpainiak 2015ean sortu zen, talde gazteen profesionalizazioaren alde lan egiteko helburuarekin. Ordutik hona, 50 aktore gazte baino gehiago igaro dira bertatik, eta denetara zortzi lan taularatu dituzte. Oraingoan bederatzigarren antzezlana estreinatuko dute: Egun zoragarriak.
Antzezkizun berria Alfredo Sanzol testuaren egokitzapena da eta istorio txikietan oinarrituta dago. Udaren nostalgia eta haurtzaroaren askatasun galdua ekartzen ditu gogora. Gainera, eguneroko bizitzako errutinatik kanpo proiektatzen ditugun adiskidetasunari, harreman pertsonalei eta fantasiei buruzko hausnarketa proposatzen du. “Udan, nork bere paradisua eraikitzen du, eta ikasturtean zehar egin ezin dituen gauza guztiak egiten ditu, aurretik ausartzen ez delako edo astirik ez duelako. Gainera, denok desiratzen gaude alaitasun eta poztasun hura eguneroko bizitzara eramateko. Udako iheskortasun hura urte osoan iraunarazteko gogo horrek frustrazioa dakar eta frustrazio hori antzeman daiteke antzezlanean. Une dramatikoak eta barregarriak tartekatzen dira. Komedia sentsual, lotsagabe eta sentimentala da”, adierazi du lantaldeak.
Hamasei esketxez osatutako lana Itziar Lazkanok zuzendu du eta istorio bakoitzeko rol ezberdinetan sei antzezle arituko dira: Gorka Luna, Izar Pizarro, Itxaso Sanchez, Omar Somai, Markel Vázquez eta Sofia Zallio. Testuaren euskarazko bertsioa Patxo Telleriak egin du eta zuzendari laguntzaile gisa Iñigo Cobo aritu da. Alde teknikoan, jantziak Betitxe Saituarenak dira, atrezzoa eta elementu eszenografikoak Maria Casanuevarenak, argiztapen-diseinua Fernando Alcauzarrena, eta kantu-zuzendaritza Yeray Vazquezena. Kartela Lu Saiz Baezena da.
Antzezlana urtarrilaren 19tik 21era bitartean taularatuko da euskaraz eta sarrerak www.pabellon6.org webgunean daude eskuragarri.