Bilboko aretoak ‘Adolfo Marsillach’ saria jaso du, Eszena Zuzendarien Elkarteak ematen duen antzerkigintzan egindako lan esanguratsuagatik.
Pabellon 6ek ‘Adolfo Marsillach’ saria jaso zuen joan den astelehenean, martxoak 3, antzerkigintzan egindako lan esanguratsuagatik. Izan ere, 14 urte hauetan Bilboko aretoa hainbat sorkuntza, erakustaldi eta topaketen gune izan da eta Bizkaiko antzerki-sarea birsortzen lagundu du, lurraldeko arte eszenikoen profesionalen belaunaldi berrientzat harrobi bilakatuz.
Saria, INAEMeko zuzendari Paz Santa Ceciliak eman zuen, Estatu espainiarreko Eszena Zuzendarien Elkartearen (ADE) Sarien 38. ekitaldian, Madrilgo Komedia Antzokian. Ramon Bareak jaso zuen saria eta adierazi zuenez, “Pabellon 6 ez da existitzen publikoa asmatzen ari da eta jarraituko dugu”. Bukatzeko, Irene Bauri eskainitako hitzak ere entzun ziren, urte hauetan zehar proiektua bultzatzeagatik eta babesteagatik.
Adolfo Marsillach saria aurreko edizioetan jaso dituztenen artean daude: Fernando Gomez Grande, Teatro Guirigai, La Machina Teatro, Teatro Alternatiboen Sarea, Atalaya Teatro, Ribadaviako Antzerki Erakustaldia edota Teatro do Noroeste, Jose Maria Labra, Etelvino Vazquez, Jose Sanchis Sinisterra.
Azkenik, 14 urte hauetan zehar, Pabellon 6k eta Gazte Konpainiak 50 ekoizpen sortu dituztela aipatu nahi izan dituzte bertako kideek. Horietatik 34 Pabellon 6ko Antzerki Laborategiaren ekoizpenak izan dira (propioak 24 eta koprodukzioan eginikoak 10) eta gainontzeko 16 lanak Gazte Konpainiaren ekoizpenak izan dira. Gainera, Antzerki Arineko Jardunaldien 12 edizioetan 179 pieza taularatu dira.