Espazio berrituak sarrera berria izango du, Iparragirre kaletik. Rekalde aretoa Euskal Herriko arte garaikidearen eta arte garaikide globalaren inguruan elkartzeko, hausnartzeko eta ikasteko espazio publikoa da.
Hilaren 27an izango da Bilboko Rekalde Aretoaren irekiera ekitaldia, aurretik, baina azken obrak egiten ari dira, berriro ireki baino lehen.
Nobedadeen artean, areto berrituak sarrera berria izango du Iparragirre kaleko 21. zenbakitik, eta instalazioek 1.000 metro koadro baino gehiago hartuko dituzte. Azalera horretatik, 800 metro koadro erakusketa-espazioak izango dira. Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi duenez, “kultura arloarekin lotura duten hainbat eragilerekin ia hiru urtez hausnarketa-prozesu bat egin ondoren, Rekalde Aretoak instalazio hobeak dituela zabalduko ditu ateak berriro, etorkizuneko erronka berriei aurre egin eta errealitate artistiko eta kultural desberdinetara egokitzeko helburuekin”.
Leixuri Arrizabalaga diputatuak adierazi duenez, etapa berri honek aldaketa dakar bai espazio fisikoari dagokionez, bai Rekalde Aretoak Bilborako, Bizkairako eta Euskal Herriko arterako duen garrantziari dagokionez. “Eraldaketa honen bitartez, artea guztiongana hurbiltzea lortu nahi da, formatu guztietan eta artearen lengoaia guztietan. Rekalde Aretoa, batez ere, zerbitzu eta espazio publikoa da, doakoa eta guztion eskura dagoena”.
Hala, “Rekalde Aretoak ateak zabalduko ditu berriro ere jendea sartzeko, eta ikuspegi berrituarekin eta gaur egungo praktika artistikoak gizartera hurbiltzeko konpromiso sendoarekin egingo du”. Urtarrilaren 28tik aurrera, bisitatzen duten pertsonek hamabi eguneko inaugurazio-programazioa izango dute gozatzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko eraldatu den espazioaren aukerak ezagutzeko. Ordutegia ere berria izango da: asteartetik larunbatera, 11:00etatik 15:00etara eta 16:30etik 20:0etara; igande eta jaiegunetan,10:00etik 15:00etara.
Bilboko aretoaren xedea da euskal arte garaikidearen erakusleiho izatea; goraka ari den eszenarako abiapuntua izan nahi du, baita jada nolabaiteko ibilbidea duten artistentzako eta ibilbide artistiko finkatua duten artistentzako espazioa ere.
Aldundiaren esanetan, “zentroak erreferente izaten jarraitzen du euskal arte garaikidearentzat, baina orain ikuspegi berritua izango du bitartekaritza eta arte-hezkuntza ardatz hartuta. Rekalde Aretoak programazio inklusiboaren aldeko apustua egiten du, ikus-entzule guztiek aukera izan dezaten erakusketa, jarduera eta proposamen hezigarriez gozatzeko eta haietatik ikasteko, parte-hartzeko dinamiken bidez, artisten esperientzien bidez eta haiekin izandako elkarrizketen bidez. Helburua da jendeari tresnak ematea arte garaikidearekin erlazionatzen ikasteko eta, hala, arte garaikidea benetan eskuragarri dagoela bermatzeko”.
Inaugurazio-programazioa
Inaugurazio-jardueren programa urtarrilaren 28tik otsailaren 9ra izango da. Aretoaren programazioak bitartekaritza-jarduerak, ekintza artistiko bereziak eta arte-diziplina desberdinei lotutako ekintzak izango ditu.