17. edizioko kartelaren protagonista bi emakumeren arteko maitasun istorioa da. Emakume bat cis da, eta bestea trans. Irudiaren egilea Mar Saez argazkilaria da, eta argazkia Vera y Victoria proiektuaren parte da.
Zinegoak Bilboko gaylesbitrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdia hasteko aste gutxi falta direnean, antolakuntzak ezagutzera eman du bere 17. edizioaren kartela.
Aurten Zinegoak jaialdiak arreta jarri nahi izan du sexu-aniztasunak gizabanako gisa ematen dizkigun aukeren aniztasunean. Emakume cis lesbianak, gizon trans heterosexualak, pertsona bisexualen arteko bikoteak… Izan ere, sexu-aniztasunari heltzean, pertsonen orientazioan bakarrik geratzea errealitatea mugatzea dela adierazi dute antolatzaileek. “Izateko, adierazteko, sentitzeko edo maitatzeko modu asko dago, ñabardura asko daude, eta ñabardura horiek guztiek gure gorputzekin, sentimenduekin eta emozioekin askoz ere egokiago bizitzeko aukera ematen digute”.
Pau Guillen jaialdiaren zuzendariaren hitzetan, “sexu-aniztasunaz berba egiten dugunean pertsonen sexu-orientazioaz baino gauza gehiagoz ari garela erakutsi nahi izan dugu aurtengo edizioan”. Horretaz gain, besteak beste genero-identitateaz edo genero-adierazpenaz ere berba egin nahi izan dute aurtengoan. “Elementu horien konbinazioek hamaika aukera sortzen dituzte”. Aurtengo kartelak ildo horrekin bat egiten duela azpimarratu du Guillenek: “Mar Saezen lanak oso modu baikor eta zuzena eskaintzen digu gai horiei guztiei kalitate estetiko eta artistiko handiko irudiaren bidez heldu ahal izateko”.
Aurtengo kartelak ideia hori nabarmendu nahi du. Lehen begiratu batean, irudia emakume lesbianen bikote baten irudikapena da, baina horrek protagonisten sexu-orientazioaz baino ez liguke hitz egingo. Beste ezaugarri batzuetan sakontzen dugunean, hala nola, sexu-identitatean, konturatuko gara irudiaren protagonistak emakume trans bat eta emakume cis bat direla.
“Askotan galdetzen digute ea beharrezkoak diren horrenbeste etiketa. Gure ideia justu kontrakoa da, denak ezabatzea, baina beharrezkoa egiten jarraitzen duten bitartean, identifikatu ahal izateko eta gizarte osoak izan, maitatu edo adierazteko ditugun modu desberdinak ikusarazi ahal izateko, uste dugu pertsona guztientzat sortu behar direla” gaineratu du Guillenek.
Cis kontzeptua lau haizetara
Izan ere, izateko, bizitzeko edo sentitzeko modu guztiez hitz egiteaz gain, Zinegoak programak gizartearen zati handi batentzat oraindik ezezaguna den cis kontzeptua lau haizetara zabaldu nahi du.
“Aspaldi onartua eta ulertua da gure orientazioaren arabera pertsona lesbianak, bisexualak, heterosexualak eta beste aukera asko izan ditzakegula. Baina ez da gauza bera gertatzen genero identitatearekin. ‘Etiketatzeari’ dagokionez, badirudi trans pertsonek ez dutela zerikusirik gainerako pertsonekin. Horrek, denbora luzez, gizartetik baztertzeko espazio bat sortu du, eta hori ezabatzea beharrezkoa da”.