Bilbon aisialdiaz euskaraz gozatzeko otsaileko jarduerak asteazkenean hasiko dira

Oraingo honetan doako zortzi jarduera eskainiko dira. Parte hartzeko aurretik izena eman beharko da Darabilbo programaren webgunean.

Darabilbo aisialdiaz euskaraz gozatzeko programaren otsaileko jarduerak asteazkenean hasiko dira, hilak 17. Oraingo honetan doako zortzi jarduera eskainiko dira Bilbon gozatzeko”, azaldu dute antolatzaileek.

Gastronomia eta artisautza tailerrak, bisita gidatuak eta online hitzaldiak eskainiko dira. “Jarduera guztiak unean uneko osasun-segurtasuneko neurrien eta gomendioen arabera egingo dira, eta, horregatik, eskaintza alda daiteke”, azpimarratu dute.

Euskarazko doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da Darabilboren webgunean izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).

Darabilbok aisialdian euskararen erabilera sustatzea du helburu, bai hizkuntza ikasten ari diren pertsonen artean, bai euskaraz bizi nahi dutenen artean. Ekimena duela zortzi urte abiatu zen, eta ordutik hona asko izan dira Bilbon egin diren jarduerak programa honen barruan. Jarduerak taldean egiten dira urteko hilabete guztietan (uztaila eta abuztua izan ezik) eta hiriko barruti guztietan.

Horrenbestez, “parte-hartze izaerako ekimena da guztiz, bai garapenean bai diseinuan, erabiltzaileek eurek jarduerak proposatu ahal dituztelako, programari eransteko”, azaldu du antolakuntzak. Proposamenak whatsapp bidez egin daitezke, 607 530 132 zenbakira idatzita.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago darabilbo.eus webgunean.

Zabaldu: