Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatzea, bertsozaleei gozatzeko paradak eskaintzea eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egitea ditu helburu hamabostaldiak. Lau ekitaldi izango dira denetara apirilaren 19tik maiatzaren 2ra bitartean. Jarduera hauetako bietarako sarrera beharrezkoa izango da.
Bilintxen Menda izeneko bertso hamabostaldia antolatu zuten 2021ean Donostiako Udalaren Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak , Bilintx bertsolari handiaren jaiotzaren 190. urtemugaren karietara. Beste ardatz baten gainean, baina, oraingoan, helburu eta borondate berbera dakar bigarren edizioak: “Donostiak historikoki bertso-plaza gisa izan duen garrantzia aldarrikatu, bertsozaleei gozatzeko paradak eskaini eta bertsogintzaren zenbait erpini buruzko gogoeta egin”, azaldu dute.
Oraingoan, antolakuntzara San Telmo Museoa ere batu da eta txapelketa izango da aurtengo jardunaldien ardatza. Imanol Larzabal Aretoan, Antzoki Zaharrean, Amarako Kultur Etxean eta San Telmo Museoan egingo diren lau saioek osatzen dute programa. Horietako bik ordaindutako sarrera izango dute eta beste bietan sarrera librea izango da aretoa bete arte. Sarrerak bihar, martxoak 26, jarriko dira salgai, 11:30etik aurrera.
Txapeldunen bertso saioa. Apirilak 19an, 19:30ean, Lugaritzen. Bost dira Txapelketa Nagusia irabazia dutenen artetik bizirik segitzen duten bertsolariak. Xabier Amurizak aspaldi utzi zituen plazak, gainerakoek sasoi betean jarraitzen dute eta Donostian kantatuko dute: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio. Gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea arituko da.
Apirilaren 24an, berriz, Jon Sarasua bertsolariaren eskutik Ego eta hego: txapelketako edukiei begiratu bat txalodependentziaren ikuspegitik hitzaldia izango da Amaran 19:00etan. Sarasua plazetatik kanpo bada ere, bertsolaritzarekin lotuta segitzen du, eta haren begirada zoliak eta arrazoiketa sakonak beti sortzen dituzte gogoetarako printzak. Txapelketez eta bertsolariez arituko da Donostiako bertso hamabostaldian, Xabier Euzkitzek aurkeztuko duen saioan.
Apirilaren 28an izango da hirugarren jarduera. Kasu honetan Bertsolari Txapelketen antologia kantatua izeneko hitzaldi musikatua izango da. 19:00etan Antzoki Zaharrean. 1935etik 1967ra bitarteko Bertsolari Txapelketa Nagusietan zeharreko bidaia bat izango da, gaur egungo bost bertsolariren ahots eta begiradetatik egina. Bertsolari Txapelketa bakoitzak bere garaiko gai, ikuspegi eta ahotsak bildu ohi ditu. Emanaldi honetan garai bakoitzean kantatzen zenaren eta gaur egun kantatuko litzatekeenaren arteko ispilu-joko bat osatuko dute Beñat Gaztelumendi, Oihana Iguaran, Unai Agirre, Nerea Ibarzabal eta Aner Euzkitze bertsolariek, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musikak lagunduta. Aizpea Goenaga arituko da aurkezle lanean.
Amaitzeko, maiatzaren 2an, Gai-jartzailetzaren bilakaera izeneko mahai-ingurua antolatu dute San Telmo Museoan, 19:00etan. “Bertsolaritzak ez du aldatu eta moldatu gabeko alorrik. Gaiak landu eta jartzeko moduek ere bilakaera ukaezina izan dute. Hiru belaunalditako gai-jartzaileak izango ditugu, garaian garaiko gai-jartze moduez eta ikuspegiez solasean” azaldu du antolakuntzak. Joxemari Iriondo, Laxaro Azkune eta Maite Berriozabal izango dira solaskideak, Xabier Euzkitzek gidatutako saioan.