(argazkia: Donostia Kultura)

‘Bilintxen Menda’ bertso hamabostaldia antolatu dute maiatzerako, Donostian

Azken hamarkadetan bertsolaritzak izan duen bilakaera eta garapena islatuko dira hamabostaldi horretan.

Bilintxen Menda izeneko bertso hamabostaldia antolatu dute Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak elkarlanean. Hala, apirilaren 28an Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolari donostiarraren jaiotzaren 190. urteurrenaren karietara, eta bertsoa ardatz hartuta,  lau ekitaldi egingo dira maiatzaren lehen hamabostaldian.

Jon Insausti kulturako eta euskarako zinegotziak azaldu duenez, “Bilintxen jaiotzaren urteurrena ospatzearekin batera, bertsolaritzak azken hamarkadetan izan duen garapena islatu nahi da. XX. mende bukaeraz geroztik ere bertsolaritzak aldaketa nabarmenak izan ditu: gaiak aldatu dira, bertsolariaren profila, generoa (emakumeek indar handia hartu dute) eta abar. Beraz, garapen hori da hamabostaldiaren abiapuntua, Bilintx bera oroitzearekin batera”.

Donostia eta bertsolaritzaren arteko lotura estua izan dela gogoratu du Insaustik “XIX. mendeko hiriko bizitza sozialean, lore jokoetan eta abar, bertsolaritzak leku garrantzitsua zuen hirian. XX. mendean ere Donostiak bertsoari estuki lotuta jarraitu zuen: Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalak, Bertsolari egunak – gerora Bertso Eguna bilakatu zena-bertan egiten ziren”.  Gaur egun ere bertsolaritzak presentzia du Donostian, eta hori indartzeko sortu dute bertso hamabostaldia. ”2021ean, pandemiaren eraginez, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa atzeratu behar izan denez eta bertso saio asko bertan behera geratu direnez, Donostiak bertsoari beste zirrikitu bat ireki nahi izan dio Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatuta”.

Lau ekitaldi antolatu dira hamabostaldiaren barruan. Horietako bik ordaindutako sarrera izango dute eta beste bietan gonbidapena beharrezkoa izango da.

Aurreneko ekitaldiaBilintxen Menda (hitzaldi musikatua) izango da, maiatzaren 2an, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Donostiar bertsolari historikoaren bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek. Horrez gain, Bilintxen hainbat bertso kantatuko dituzte Joxan Goikoetxea eta Imanol Kamio musikarien laguntzaz.

Sarrerak salgai daude dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.

Bigarrena, berriz, Erdaretatik bertsotara (mahai-ingurua)izango da, maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo Kultur Etxean. Bilintx erabat donostiarra eta euskalduna zen, baina, gaur egungo hainbat bertsolarik bezala, beste sustrai batzuk ere bazituen. Dionisio Ureña, aitona, Huelvako Ayamonten jaioa zuen, Portugalgo mugan. Erdaretatik plazetarako urratsa egin duten hiru lagunen lekukotasunak bilduko dituzte: Jone Uria, Jon Maia eta Aitor Servier bertsolarienak. Amagoia Mujika kazetariak gidatuko du saioa.

Gonbidapenak maiatzaren 5etik aurrera eskuratu ahal izango dira donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Okendo Kultur Etxean.

Imanol Lazkanoren Gorbatatik piercingera hitzaldia izango da hirugarrena, maiatzaren 11n, 19:00etan VEAko Club aretoan. Imanol Lazkano dateke bertsolaritzak azken 100 urteotan izan duen bilakaeraren lekukorik behinena. 1936an jaio zen, Txirrita hil zen urtean. Hernaniar bertsolariarekin kantatzera iritsi zen belaunaldi baten kantu-lagun izan zen gaztetan (Basarri, Uztapide, Zepai, Txapel...), eta, tartekoak tarteko, gaur egun elitean dauden gazteak ere plazakide izan zituen azken urteetan. Bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak izango ditu aztergai bertsolari azpeitiarrak: bertsolarien profil soziala eta profesionala, pentsakera, bertsokera, gaiak, estetika… Xabier Euzkitze herrikideak egingo du aurkezpena.

Gonbidapenak maiatzaren 10etik aurrera eskuratu ahal izango dira  donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan.

Amaitzeko, maiatzaren 14an, bertso-saioa izango da 19:00etan, Lugaritzen. Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak ariko dira.  Gai-jartzaile lanetan, berriz, Joxerra Gartzia izango da.

Sarrerak salgai daude dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko  Antzoki Zaharreko eta Lugaritz Kultur Etxeko leihatiletan.

Zabaldu: