Bihar, urtarrilak 14, abiatuko da zikloaren edizio berria Donostiako Tabakalera zentroan. Aurtengo protagonista Billy Wilder zinemagilea izango da eta Sunset Boulevard (1950) filma ikusteko aukera egongo da. Aurretik, baina, Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua aurkeztuko dute.
Billy Wilder zinemagilea izango du protagonista Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatutako Nosferatu zikloa. Zikloa Wilderren Sunset Boulevard film ezagunenetarikoarekin abiatuko da bihar Tabakaleran, eta, ondoren, 30eko hamarkadatik aurrera gidoilari gisa egin zituen lanak ikusi ahal izango dira bertan, abendura arte. Lehen emanaldia hasi aurretik baina, Billy Wilder. Anatomía de un genio liburua ere aurkeztuko dute.
Argitalpenaren koordinatzaile Luis Alegreren hitzetan, “Wilderrek ohorezko lekua du mundu osoko zinemazaleen iruditerian eta heziketa sentimentalean. Bere talentu eta moldaerraztasun zoragarriarekin, etiketa oro uxatu eta lan giltzarriak sortu zituen oso bestelako generoetan: zinema beltza (Double Indemnity, 1944), komedia (Some Like It Hot, 1959), drama (Sunset Boulevard), zinema belikoa (A Foreign Affair, 1948), erromantikoa (Love in the Afternoon, 1957), intrigakoa (The Private Life of Sherlock Holmes, 1970), epaiketetakoa (Witness for the Prosecution, 1957), kazetariena (The Front Page, 1974) edo bizitza bera bezalakoak direlako generorik ez duten bestelako filmak (The Apartment, 1960)”.
Billy Wilder. Anatomía de un genio aipatutako liburua ez ezik, Fernando Truebarekin eta Joseph McBriderekin elkarrizketak biltzen dituena, 2026ko udazkenean Nosferatu Bildumaren 14. zenbakia editatuko da euskaraz, Wilderren figurari buruz Zigor Etxebestek idatzia.