‘Bixotetik’ kontzertua 2021eko azaroaren 13an egingo du Gatibu taldeak

Laukote bizkaitarraren 20. urteurrena ospatzeko kontzertua da Bixotzetik.

Bixotzetik kontzertua 2021eko azaroaren 13ra arte atzeratzea erabaki du Gatibu taldeak, Bixotzetik hogeigarren urteurrena ospatzeko zuzenekoa da. Komunikatu baten bidez azaldu dutenez, “ziurgabetasunez beteriko sasoia dugu sortzaileona. Gure kultur emanaldietan osasun eta segurtasun protokoloak zehatz mehatz betetzen baditugu ere, gaur gaurkoz ezinezkoa zaigu milaka lagun bilduko lituzkeen kontzertua burutzea. Guk argi dugu, elkarrekin bizitzeko gaude, gure musika modu kolektiboan sentitzeko sortzen dugu, zuekin batera bizitzeko eta gure esku dagoen guztia egingo dugu berriz ere aurrez aurre egon gaitezen, distantziak laburtuko dizkigun zuzeneko musikaren bizipozean”.

Bilboko Miribillarako prestatzen ari ziren kontzertua 20 urteko ibilbidean mugarri izatea nahi zuten, “maitasun eta zehaztasun itzelez ari ginen ñabardura bakoitza fi­ntzen: kanten zerrenda, soinua, argiak, oholtzaren neurriak, eszenogra­fia, iraupena… bai zuentzat bai guretzat berezia behar zuen emanaldia genuen bihotz-buruetan”.

COVID-19aren krisiak kontzertua aurreikusten zuten eran burutzea eragotzi egin du eta Bixotzetik bigarrenez atzeratu beharko dute 2021eko azaroaren 13a arte. “Datozen hilabeteotan etengabe lan egingo dugu zuek eta guk merezi dugun kontzertuaren prestaketa lanetan”.

Hitzordu hori iritsi arte, taldearen urteurrena ospatzen jarraitzeko, kontzertu-formatu berezia prestatzen ari direla nabarmendu dute, “pandemia horrek eragindako egoerak bide ematen digun neurrian”.

Sarrerak

Orain arte erositako sarrerek berdin balio dutela azaldu dute komunikatuan. Autobuserako sarrera hartu zutenek zuzenean jasoko dute dirua. Norbaitek online bidezko sarrera itzuli nahi badu, galdetegi bat bete beharko du. Sarrera fisikoa itzuli nahi duenak, berriz, info@pandaartistmanagement.net helbidera idatzi beharko du. Sarrerak itzultzen ez duenari, taldearen online dendan %10eko deskontua egiteko mail bat iritsiko zaiola iragarri dute.

Zabaldu: