(argazkia: Bizipoza Elkartea)

Bizipoza Eskolak Euskal Herria inklusioan barneratzeko gida didaktiko eta material osagarriak bildu ditu

Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzutera dator Bizipoza Eskola: Hezkuntza inklusiboa.

Hezkuntza arautuan, ez-arautuan zein herrigintzan erabili ahal izateko gida didaktikoak bildu dituzte bizipozaeskola.eus webgunean. “Adin eta maila guztietara irekia, koloretako betaurrekoak jantzi eta norbera eta norbere ingurua zipriztintzeko gonbidapena egin dugu”, adierazi dute Bizipoza elkarteko kideek. Azaldu dutenez, “Denona eta denontzat izango den Euskal Herria eraikitzeko bidean, behar bati erantzutera dator Bizipoza Eskola: Hezkuntza inklusiboa. Hezkuntzaren eta Bizipoza elkartearen arteko harremana aspalditik dator eta ekarpen praktiko bezain garrantzitsu eta beharrezkoa egitera dator Eskola”.

Gaur aurkeztu dute egitasmoa Elgoibarko Danobatgroup-en egoitzan. Izan ere, Danobatgroupek gizarte erantzukizunarekin lotutako proiektuak bultzatzeko duen Elkarrekin Eragin programari esker finantzatu da proiektua. Bertan parte hartu dute Leire Elizegi Beloki Bizipozako koordinatzaileak, Jose Antonio Hidalgo Danobatgroup-eko lehendakariordeak, Nerea Godoy Fuentes Bizipoza Eskolako koordinatzaileak eta proiektuaren proba pilotuetan parte hartu duten Amassorrain eta Aratz ikastolek eta Hilargi, Arnasa eta Ndank Ndank elkarteetako kideek.

Biziposa Eskola behar bati erantzuteko sortu dela diote bere sustatzaileek, “badaude haur eta familien eskubide batzuk bete gabe daudenak eta horren aurrean familiak edo norbanakoak elkartu egiten dira horri aurre egiteko. Guk gauza bera egin dugu. Gai ezberdinetan aritu eta adituak bildu ditugu eta gida hauek sortu ditugu elkarrekin, Bizipozaren baloreekin zipriztintzeko norbera eta bere ingurukoak”, azaldu du Godoyk.

Hala, webgunean hainbat material bildu dituzte: gida didaktikoak, material osagarriak eta egutegia. Horiei esker, gai ezberdinak landu ahal izango dituzte: “Norbere buruaren ezagutza eta taldekidetasuna; genero rolak, identitatea eta transexualitatea; familia aniztasuna eta sexu orientazioa; heriotza; kultura-aniztasuna; aniztasun funtzionala; gaixotasunak; eta boluntariotza.

Gida didaktikoak

Gai horiek guztiek hezkuntza arautuko hainbat mailatara bideratu dira: HH, gela egonkorra, LH, DBH eta goi mailako hezkuntza. Hezkuntza ez-arautuan, berriz, hizkuntza-mailaren arabera sailkatu dira gida didaktikoak. “Maila guztietarako gai berdinak proposatu dira, baina hizkuntza-maila bakoitzera egokitzen da jarduera oro”, azaldu dute.

“Gure proposamena irekia da norberak bere testuingurura egokitu dezan. Jarduerak egokitzen dira Nafarroako eskola txiki batera, nahiz Bilbo erdiguneko ikastola handi batera”, azaldu dute. Izan ere, Euskal Herriko lurralde guztietan zortzi ikastetxerekin eta Leioako EHUko magisteritza eskolarekin proba pilotuak burutu dira. Horretaz gain, herrietan, aisialdi talde, euskaltegi eta beste hainbat eremutan ere bai.

Herrigintza atalari dagokionez, Euskal Herriko herri eta auzoetan Bizipoza dinamikak sortzeko baliabideak aurki daitezke. Adibide gisa, Lasarte-Oria herrian eta Bilboko Uribarri auzoan garatutako adibideak aurki ditzakegu webgunean.

(Bideoa: Bizipoza Elkartea)

Zabaldu: