Guztira 353 partaide aurkeztu dira aurtengo lehiaketan, eta epaileek azpimarratu dutenez, “lan sakonak eta ausartak” aurkeztu dira edizio berrira. “Bizitza kontatzeko grina” sumatu dute partaideengan.
2020ko Resurreccion Maria Azkue Literatura sariak banatu dira gaur Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan. Akademiak berak eta BBK-k 1991etik antolatzen dituzten sari hauek idazle gazteak literatura mundura erakartzea dute helburu nagusi. Bi genero saritzen dira: narrazioa eta poesia. Genero bakoitzak bi maila ditu: A maila (10 eta 13 urte bitarteko gazteentzat); eta B maila (14 eta 17 urte bitartekoentzat).
Urtero bezala, aurten ere literatura eremuko pertsona adituek osatu dituzte epaimahaiak, Euskaltzaindiak izendatutakoak. Hauexek izan dira aurtengo epaimahaikoak: A mailan, Miren Billelabeitia, Igone Etxebarria eta Manu Lopez Gaseni eta B mailan, Yolanda Arrieta, Amaia Jauregizar eta Patxi Zubizarreta.
Aurten, epaileek aitortu dute “ezuste handia” hartu dutela, parte-hartzaileen artean sumatu duten heldutasunak harrituta. A mailako epaileek, gainera, gaiak jorratzeko joera “positiboagoa” ikusi dute: “eskola-jazarpenak eta antzekoek atzera egin, eta esan daiteke bizitza, itxaropena, etorkizuna… nagusitu direla eskuartean erabili ditugun idatzietan”. Gazteek “hausnarketa-maila” handia erakutsi dutela gaineratu dute.
B mailan ere antzerako zerbait gertatu dela nabarmendu dute, “bizitza kontatzeko grina” sumatu dute epaileek idazle gazteengan: “Bizirik daudela oihukatu dute, isil bezain ozen”. Ildo horretan, gailendutako lanak “taupada idatziak” direla adierazi dute epaileek, idazle gazteak ahalegindu direlako “kontatzen, esaten, aldarrikatzen, aitortzen, oihukatzen…”
A mailako sariak
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Argi izpiak. Egilea: Maria Illarramendi (Urola Ikastola, Azpeitia – Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Abandonatutako estazioaren kondaira. Egilea: Elene Aizpurua (Iraurgi Ikastetxea, Azpeitia – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Kolore dantza. Egilea: Maren Herrera (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
- Aipamen berezia: Ez naiz hiltzearen beldur. Egilea: Irati Zuntzunegi (Seber Altube Ikastola, Gernika – Bizkaia).
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Insomnio gauak. Egilea: Irati Hierro (Urola Ikastola, Azpeitia – Gipuzkoa)
- Bigarren saria: Egilea: Amaia Zabala (Seber Altube, Gernika – Bizkaia).
- Hirugarren saria: Egilea: Ane Mugica (Haurtzaro Ikastola, Oiartzun – Gipuzkoa).
B mailako sariak:
Narrazioaren alorra:
- Lehen saria: Talde-lanak ekarritako galdera. Egilea: Iker Niño (Udarregi Ikastola, Usurbil – Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Elena Barrutia. Egilea: Lutxi Iribarren (Bernat Etxepare Lizeoa, Baiona – Lapurdi).
- Hirugarren saria: Zapatatxo zuriak. Egilea: Irene Garcia (Lauro Ikastola, Loiu – Bizkaia)
Olerkiaren alorra:
- Lehen saria: Munduari azaleratu. Egilea: Uxue Armental (Pasaia-Lezo Lizeoa, Pasai Donibane – Gipuzkoa).
- Bigarren saria: Izanak. Egilea: Uxue Perez (Beasain BHI, Beasain – Gipuzkoa).
- Hirugarren saria: Gefangen. Egilea: Ander Segarra (Lauro Ikastola, Loiu – Bizkaia).
Resurreccion Maria Azkue saria, berez, 1975ean sortu zuen Bilbao Aurrezki Kutxak eleberri, olerki eta saio modalitateetan, eta 1990. urtera arte iraun zuen. Urte haietan, ez zen gaztetxoentzako saria izan, helduentzakoa baizik, eta gaur egun oso ezagunak ditugun hainbat idazle eta ikertzailek jaso zuten saria. Beste horrenbeste gertatu da 1991etik aurrera antolatutako sariekin ere; egun ezagunak diren Alaine Agirre, Arkaitz Estiballes, Nagore Amondarain, Irati Goikoetxea, Maialen Zubeldia, Nerea Ibarzabal, Uxue Alberdi edo Urtzi Urrutikoetxea idazle, bertsolari eta kazetariek eskuratu izan dute saria.