Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Oihane Amantegi eta Javier Ibarrola idazleek proposaturiko istorioen hasierei jarraikortasuna eman beharko diote. Irailaren 11ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak.
Bizkaitarren literatura-sorkuntza bultzatu eta sustatzeko asmoz jaio zen Bizkaidatz Literatura Saria duela hamazazpi urte. Lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek bi idazlek proposaturiko istorioen hasierei jarraikortasuna eman beharko diote eta aukeratu diren hastapen horietara eta bertako pertsonaia eta egoeretara egokitu beharko dira.
Aurtengo edizioan, Oihane Amantegiren Aldiro liburu bat izeneko euskarazko istorioaren hasiera proposatu da, eta, Javier Ibarrolaren Mañana en mi casa izeneko istorioaren hasiera. Parte-hartzaile bakoitza euskarazko zein gaztelaniazko kontakizunetara aurkeztu ahal izango da.
Aurtengoan parte hartzeko epea irailaren 11ra arte luzatuko da. Hamasei urtetik gorako bizkaitarrik aurkeztu ahal izango dira (aurreko bi edizioetan saritutakoak izan ezik). Oinarriak eta hasierako istorioak Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan eta Bizkaiko Foru Liburutegian eskuragarri daude.
Oihane Amantegiri dagokionez, gizarte eta kultura antropologoa da formazioz eta idazlea eta irakaslea ofizioz. 2020an eman zuen argitara bere lehen eleberri laburra, Ibaiertzeko Ipuina (Elkar); Bilboko Liburu Azokako zazpi Kale Saria irabazi zuen harekin, eta galegora itzulita dago egun. 2023an argitaratu zen bere bigarren liburua, Cayo Hueso (Elkar), Eusko Jaurlaritzak nobela laburrak idazteko ematen duen laguntzarekin. Elkar argitaletxeak eta Beasaingo Udalak antolatzen duten Igartza Sariko epaimahaikide izan da 2021 eta 2022 urteetan. Gaur egun ohiko kolaboratzailea da Berria egunkarian.
Javier Ibarrola (Barakaldo, 1962) bere aldetik, arkitektoa eta idazlea da. Pound da bere lehen eleberria eta Menoscuarto Ediciones argitaletxean argitaratu zuen.