Herritarrak museo horien “boterea sentitzera gonbidatu nahi dituzte.
Herritarrei museoen aniztasuna eta aberastasuna eskuratzen laguntzeko asmoz, Bizkaiko 44 museok bat egingo dute Museoen Nazioarteko Egunarekin asteazkenean, maiatzak 18.
Museoak aktibo daude eta jarduerak eskaintzen dituzte urte osoan zehar. Hori dela eta, oraingo honetan Bizkaiko Foru Aldundiak museo horien garrantzia eta eginkizuna azpimarratu nahi ditu, ez bakarrik efemeride honen inguruan, baita urteko egun guztietan ere. Hala, “edizio honetan inguratzen gaituen munduan duten botere eraldatzaileari buruz hausnartzera gonbidatzen da. Aurkikuntzak egiteko leku paregabe gisa gure iragana erakusten digute eta gure buruak ideia berrietara irekitzen dituzte, etorkizun hobea eraikitzeko funtsezko bi urrats”.
Pinakotekek efemeride honi lotutako jarduerekin ospatuko dute Nazioarteko Eguna eta ekitaldiak eta ekintzak bi astez luzatuko dira. Horrela bisitariei museoetara hurbiltzeko aukera eman nahi zaie, ospakizun honen inguruan antolatutako programazioez gozatzeko.
Lorea Bilbao Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak adierazi duenez, “adin guztietakoentzako lekuak dira, jarduera ezberdin eta askotarikoak eskaintzen dituzten tokiak eta gainera, museo bakoitzak bere izaera izan eta erakusten du. Museoak ezagutzaz beteriko lekuak dira, gure jendearekin elkartzen gaituzte, ikerketa sustatzen dute, herriak eta hiriak eraldatzen dituzte, mundua ulertzen laguntzen dute … museoek gizartea aberasten dute. Hau guztia da museoen boterea. Eta kontuan izan museoen boterea, indarra ez dutela Museoen Nazioarteko Egunean bakarrik, urte osoan baizik”.
Parte hartzen duten Museoak
Edizio honetan Bizkaiko hogeita zortzi udalerritako berrogeita lau museo izango dira ospakizunarekin bat egingo dutenak: Bilbon, Arkeologi Museoa, Athletic Club Museoa, Bilboko Arte Ederren Museoa, Bilboko Berreginen Museoa, Itsasmuseum Bilbao, Eliz Museoa, Euskal Museoa, Euskal Abertzaletasunaren Museoa, Guggenheim Bilbao Museoa, Pasio-Irudien Museoa, Bilboko Zezen Museoa eta Euskararen Etxea; Euskal Herriko Meatzaritzaren Museoa (Abanto-Zierbena); Txakolingunea (Bakio); La Encartada Fabrika-Museoa (Balmaseda); Balmasedako Pasio Biziduna C.I.; Burdinazko Hesiaren Museo Memoriala (Berango); Arrantzaleen Museoa (Bermeo); Margarita María Museoa (Berriz); Ekoetxea Urdaibai (Busturia); Antzasti Euskaldunon Etxea (Dima); Durangoko Arte eta Historia Museoa (Durango); San Balentin Berriotxoakoaren Museoa (Elorrio); Loizaga Dorrea (Galdames); Urdaibai Bird Center (Gautegiz Arteaga); Euskal Herria Museoa (Gernika-Lumo); Bakearen Gernikako Museoa (Gernika); Bizkaia Zubia (Getxo); Museo Antigua Fábrica de Dolomitas (Karrantza); Santimamiñe (Kortezubi); Medikuntzaren Historiaren Euskal Museoa (Leioa); “Andrés de Urdaneta” Natur Historiaren Museoa (Loiu); Hontza Museoa (Mañaria); El Pobal burdinola (Muskiz); Orozkoko Museoa (Orozko); Butroeko Plasentia Museoa (Plentzia); Rialia-Industriaren Museoa (Portugalete); Agurtza Arrantza-Teknikaren Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Santurtzi Itsasoa Interpretazio Zentroa (Santurtzi); Enkarterriko Museoa (Sopuerta); Museo de Orduña Hiria Museoa (Orduña) eta Museo Simón-Bolívar Museoa (Ziortza-Bolibar).
Herritarrek horien guztien aberastasun museistikoa ikusteko aukera izango dute www.museoeneguna.eus webgunearen bidez. Bertan guztiek eratzen duten Bizkaiko Museo Nagusia biltzen delako.