Egun osoko egitaraua antolatu dute. Herri osoa euskal musikaz, dantzaz eta erromeriaren bueltako bestelako edukiez jantziko dute.
Bizkaiko Erromeria Egunaren lehenengo edizioa aurkeztu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Danok Pro taldeak. Urriaren 4an, larunbata, izango da hitzordua, Durangon eta herri horretan bertan egin dute gaur aurkezpena.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru-diputatuak Landako gunean azaldu duenez, “erromeriak gure kultura eta nortasunaren parte dira. Urteak aurrera joan ahala, gure gizartea aldatu den bezala, erromeriak ere egokitu egin dira gaur egungo estiloetara”. Belaunaldien arteko festa izatea nahi duela azpimarratu du diputatuak, “gure kulturan oinarritutako jaia eta gure sustraiez ikasteko aukera emango digun ospakizuna”.
Bizkaiko Erromeria Egunak “herri osoa erromeria giroz bustiko badu ere, bereziki Landako gunea, honen alboko Ibaizabal parkea eta bertako auzunea, Musika Eskola eta bere ingurua, eta Plateruena antzokia izango dira eskaintzarik zabalenak hartuko duten guneak”, azaldu du Jon Gomez Garai erromerietan urte luzez dabiltzan musikariz osatutako Danok Pro kooperatibako ordezkariak.
Egitarauaren nondik norako gehienak ere azaldu dituzte gaurko prentsaurrekoan. Publiko guztiei zuzendutako ikuskizun eta ekintzak hartuko ditu urriaren 4an Durangok, eta hala nabarmendu du antolatzaileak: “Bizkaiko Erromeria Egunak ez du soilik dantzariak edo musikariak diren horientzako eguna izan gura, gure musika eta dantzarekin gozatu nahi duen orok izango du tokia hemen, modu aktiboan parte hartuz zein ikus-entzule soil izanez”.
Horretarako, erromeriaren hamaika aurpegi eta formatu izango dira gozagai jaialdi berri honetan, Garaik azaldu duenez: “Dantza-plaza izango dugu Aikorekin, gaztetxoentzako dantzaldia Esna Gazte taldearekin, Larrain Dantza herrikoia eskainiko dute Gaztedi Dantza Taldeko gaiteroek, herri bazkariaren ostean helduak Luhartz taldekoekin kantuan ari diren bitartean, Goazeneko aktoreek ere gaztetxoentzako kantaldia izango dute…”.
Gainera, “erromerien sorburuetara” ere joango direla nabarmendu du musikariak: “Orain ehunka urte gure aurreko belaunaldiek erromeriez gozatzen zuten txistulari eta tanborreru bakarrarekin, beranduago alboka eta pandero-jole banarekin eta ostean etorri zen trikitixa gure plazetara, bikote formatu xumeetan… Gaur egun bizirik dauden formatuak dira, eta horretarako aipatutako instrumentu hauetan erreferenteak diren musikariak izango dira oholtzan: Ibon Koteron eta Julen Begoña albokariak, Iker Alvarez eta Aitor Urkiza txistulariak, Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariak… eta aspaldiko partez berriz elkarrarazi dituzten Zabaleta eta Motriku trikitilari historikoak”.
Gazteentzako egungo erromeria formatu elektroniko eta handiagoekin amaituko da lehenengo edizioa. Iluntzeko 20:00etatik hasita, gaur egun Euskal Herri osotik plazarik plaza dabiltzan lau erromeria talde bizkaitar igoko dira Plateruena antzokiaren oholtzara: Gautegun, Zazpizar, Altxa Porru eta Zutik.
Horretaz gain, erromerien inguruko hitzaldi, tailer, puzgarri eta kale animazioek osatuko dute egun osoko programa. Horien artean azpimarratu dituzte, esaterako, Mairuek eta Barakaldoko erraldoi eta buruhandiak, Etxebarria aita-seme trikitilarien poteoa, Durangoko Sugarri txarangaren kalez kalekoa, Gari Otamendik eta Oier Araolaza dantza-adituek eskainiko duten hitzaldi-dantzatua edota euskal jantzietan aditua den Ane Albisuk eskainiko duen ikastaroa, buruko-zapia nola jantzi ikasteko.
Jaialdi berri honi buruzko informazio guztia Bizkaiko Erromeria Egunaren Instagram eta Facebook kontuetan argitaratuko dute.