Aurten, ibilbide arkeologikoen barruan, ibilbide berri bat eskainiko da: Basauriko Finagako kultur multzoa.
Bizkaiko Ibilbide Historikoak programaren 15. edizioak proposamen kultural eta historiko bat egingo du, bisita gidatuen programa zabal baten bidez lurraldea bertatik bertara ezagutzeko. Ekainetik irailera bitartean, herritarrek aukera izango dute ondare-balio handiko lekuetan sartzeko eta berriz ezagutzeko, bisita espezializatuen bidez.
Denera, bederatzi ibilbide ezberdin eskainiko dira: burdinoletako ibilbideak, arkeologia-ibilbideak eta zin-bideak. Aurten, ibilbide arkeologikoen barruan, ibilbide berri bat eskainiko da: Basauriko Finagako kultur multzoa. “Gune historiko hau Malmasin mendiaren hegalean dago kokatuta, eta bisita bereziki interesgarria da, Euskal Herriko sekuentzia historiko garrantzitsuenetako bat eskaintzen baitu, zehazki, erromatarren garaitik XI. mendera artekoa. Bertan, garrantzi handiko ermita eta nekropolia bisitatu daitezke”, azaldu du Bizkaiko Foru Aldundiak.
Programaren bidez, Aldundiak, berriz ere, aukera eman nahi dio jendeari udako hilabeteetan herrialdeko ondarearen altxor nagusiak eta haien natura- eta paisaia-ingurune paregabea eta harrigarria ezagutzeko. Gainera, bisita gidatuek Euskal Herria Museoaren, El Pobal burdinolaren eta Arkeologi Museoaren aholkularitza dutela nabarmendu dute, bai eta Bizkaiko historiako monumentu paregabe horien indusketan, ikerketan eta kontserbazioan parte hartu duten profesionalen aholkularitza ere.
Bestalde, programak bisita bereziak ere barne hartzen ditu, informazio historiko eta arkeologikoarekin batera bestelako ikuspegi interesgarriak eskaintzeko. Esaterako, “Tribisburuko nekropolian, biologo aditu batek azalduko du bertako aberastasun botanikoak zer lotura daukan gure ingurunean gizakiak historian zehar izan duen bilakaerarekin; eta Arratzun Arrolako oppidumaren inguruneko eta Urdaibaiko euskararen ezaugarri eta berezitasunei buruz hitz egingo digu bertako izen handiko hizkuntzalari batek. Herri, auzo, erreka, mendi eta tontorren toponimia ezagutzeko aukera egongo da, baita izen horien esanahia eta arrazoiak ezagutzeko ere”.
Bestelako alderdiei buruzko informazioa ere emango da: natura-guneak, bizimodu tradizionalak (esaterako, mendiko nekazaritza eta abeltzaintza), lanbide espezializatuak eta tokiko produktuen merkataritza. Gainera, antzinako industriak deskribatzen dira, adibidez, errotak eta energia hidraulikoa, bai eta eraikin garrantzitsuak ere, elizak, kaperak eta baserriak barne.
Berezitasun gisa, aurten Ereñozarreko gazteluko bisita zeinu-hizkuntzan egin ahal izango da.
Ibilbide historikoetako bisita guztiak www.bizkaikoa.bizkaia.eus webgunean kontsulta daitezke, 688.856.689 telefono zenbakira deituta edo ibilbideak@bizkaia.eus posta elektronikora idatzita.