(argazkia: BFA)

Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko Señeak Bizkaia Rock Kanpusa martxan da

Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna duen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago, eta izena emateak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal izango martxoaren 25era arte.

Bizkaiko gazte musikarien talentua bultzatzeko asmoz Señeak Bizkaia Rock Kanpusa sortu dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gatibu taldeko Alex Sarduik eta Ekain Alzolak.  Pazko Astean musika ikasle gazteei “esperientzia paregabea” eskaini nahi dietela nabarmendu dute. Izan ere, “musika funtsezko tresna pedagogikoa da, pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana sustatzen dituena”.

Nerabeei zuzendutako egonaldi hau ez da soilik ikasleek beren musika-trebetasunak hobetzeko, baita bizitzako beste alderdi batzuetan baliagarriak izango diren gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko ere. “Musikaren bidez gazteen garapen integrala sustatzea da gure helburua. Tresnak ematea sormena, talentua, trebetasun sozialak, talde-lana eta pentsamendu kritikoa sustatzeko. Euskara komunikazio-hizkuntza gisa erabiliz hizkuntza-identitatearen alde egitea, eta bide batez, elkarbizitzan ikasteko bidea eskaintzea, giro dinamiko eta aberasgarri baten, azaldu du Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak.

Alex Sarduiren hitzetan, “musika munduan bizi garenok egunero ikusten dugu gazteen artean harrobia dagoela, baina ibilbide formaletatik kanpo profesionalki hazteko eta ikasteko aukera gutxi daude. Horregatik, Señeak bezalako bide berriak egitea ezinbestekoa dela uste dugu. Gazteei euren talentuaz gozatzeko eta esperientziadun artisten eskutik ikastearen aukera paregabea eskaintzeko”.

Aitor Pagaldai Lauaxeta ikastolako zuzendariak gaineratu duenez, bestalde, “Señeak Bizkaia Rock kanpuseko parte izatea guztiz bat dator ikastolaren hezkuntza helburuekin. Bizkaiko nerabeentzako kultura, musika, kalitatezko aisia eta talde lana uztartzen dituen kanpusa ekimen bikaina dela uste dugu eta gazteek behar dituzten kalitatezko aisia aukerekin bat datorrena”.

Señeak Bizkaia Rock Kanpusa Lauaxeta ikastolan izango da apirilaren 21etik 26ra, Pazko Astean. Hautatuak izan direnek eskola pertsonalizatuak jasoko dituzte lehen mailako euskal artisten eskutik, eta beren ikaskideekin musika estiloak praktikan jartzeko eta fusionatzeko aukera ere izango dute.

Izen-emateak

Deialdia musika ikasketak edo musikarako trebetasuna duen edozein gazte bizkaitarrari zabalik dago, eta izena emateak www.seneak.eus webgunearen bidez egin ahal izango martxoaren 25era arte. Gazteek minutu gutxiko bi bideo bidali beharko dituzte euren burua aurkeztuz eta talentua erakutsiz. Ondoren, artista ezagunez osatutako epai-mahaiak 20 gazte aukeratuko ditu.

Zabaldu:

Utzi erantzuna