Hirugarren edizioko berritasunen artean Easo Plazak hartuko dituen doako kontzertuak daude. Bertan, Tatxers, Kiliki, Naxker, Putas Amak eta Aimarz taldeak izango dira.
Boga Boga jaialdia berritasun ugarirekin itzuliko da irailaren 12tik 14ra Donostiara. Miramar jauregiak, esaterako, hiru agertoki hartuko ditu: bi kanpoan, jauregiaren alde banatan, eta beste bat barruan, ezkutuan.
Eszenatoki hauetatik soula, rocka, hip hopa, musika elektronikoa edota pop garaikidea entzuteko aukera egongo da. Besteak beste, Gotts Street Park taldea izango da taula gainean, 50 milioi entzunaldi baino gehiago lortu dituzten Tell Me Why eta Got to Be Good abestiekin.
Leon Benaventek, berriz, Donostian aurkeztuko du Nueva sinfonía sobre el caos lana.
Antolatzaileen esanetan, “Christian Löffler elektronika emozionalaren erreferente alemaniarrak zuzeneko hipnotiko bat eskainiko du, atzean Donostiako Badia duela. Jacques-ek esperientzia sentsorial paregabea eskainiko du ohiko soinuetatik eta denbora errealeko manipulazioetatik abiatuta sortutako zeharkako technoarekin”. Karteldegi horri Brooke Combe batu zaio, “egungo soul britainiarren etorkizun oparoena duten ahotsetako bat. Dancing at the Edge of the World (2025) bere album arrakastatsua aurkeztuko du, soul klasikoa eta pop sentsibilitate garaikidea konbinatzen dituena”.
Guzti hauekin batera, publikoak maite dituen beste artista batzuekin gozatzeko aukera izango du, hala nola Kokoshca, Azuleja, Deadletter, Ke Lepo & Félix Buff eta Le Parody.
Ezkutuko Antzokian, “Miramar jauregiaren barruan dagoen espaziorik intimoenean”, berriz, Saguxar eta Eneritz Furya izango dira, eta “publikoarekin emozionalki konektatzeko pentsatutako formatua eskainiko dute”.
Miramar jauregiko kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude jada.
Easo Plaza
Nabarmentzekoa den beste berritasun bat da Easo Plazak hartuko dituen doako kontzertuak. Tatxers, Kiliki, Naxker, Putas Amak eta Aimarz musikarien emanaldiak izango dira bertan. Espazio horretan jarriko da Mercadabadillo azoka ere, jaialdiaren jai-giroa eta Easo plazara Euskotreneko geltokitik iritsiko diren estropada-zaleak fusionatzea helburu izango duena. Laster iragarriko da Easo plazako doako kontzertuen egitarau osoa.
S