'Bolante baten historia' dokumentala

[Bideoa] ‘Bolante baten historia’ dokumentala azaroaren 19an helduko da zinema aretoetara

40 urte igaro dira Jose Miguel Etxeberria Naparra desagerrarazi zutenetik, eta Eneko anaia atzera begira jarri da, hutsune luze horretan gertatutakoaz hausnartzeko.

Iñaki Alforjak eta Iban Toledok zuzendutako Bolante baten historia dokumentalak Eneko Etxeberriak Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra anaia aurkitzeko egindako bidea kontatzen du. “Hamazazpi urte nituen Jose Miguel desagerrarazi zutenean, nire bizitzaren bi heren baino gehiago eman ditut anaia berriz ere gurekin izateko lanean”, kontatu du.

Naparra, Komando Autonomo Antikapitalistetako militantea eta Ipar Euskal Herrian errefuxiatua, 1980ko ekainaren 11n desagertu zen. Batallon Vasco Español (BVE) talde parapolizialak bere gain hartu zuen bere desagerpena. Naparra-ren autoa Ziburun agertu zen Jendarmeriatik gertu. Aita eta ama, jendarmeek deituta Jose Miguelen autoa azaldu zen tokira joan zirenean eta jendarmeek kotxearekin zer egin nahi zuten galdetu zietenean, egoera hark sortutako min eta nahasmen hartan, kotxearen bolantea desmuntatu eta etxera eraman zuten. Bolante hau gertatutakoaren memoriaren sinbolo bihurtu da.

40 urte igaro dira jada, eta Eneko atzera begira jarri da, hutsune luze horretan gertatutakoaz hausnartzeko. Gurasoek bizitza osoa eman zuten haren bila, eta semea non zegoen jakin gabe hil ziren. Anaiak istorioa ulertzeko funtsezko gakoak ematen dituzten hainbat pertsona aurkituko ditu dokumental honen bidez. Azken urteotan, agintarien interesik ezaren aurrean, Nazio Batuen Erakundera jo zuen, eta erakunde honek Jose Miguelen desagerpena gizateriaren aurkako delitutzat jo eta gero, kasua ez da preskribatu.

Gaur egun, familia, Estatu espainiarreko zerbitzu sekretuetako kide ohi batek emandako lokalizazio batean bilaketa lanak noiz hasiko zain dago. “Gorpuzkiak agertuko balira, zauria sendatzeko unea izango litzateke. Ez da erabat itxiko, ez baitugu jakingo nortzuk izan ziren hiltzaileak, nork hil zuen eta zergatik”, dio familiak.

Dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatu zen, baina azaroaren 19an helduko da zinema aretoetara. Aurretik, baina, Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztuko dute azaroaren 13an eta Iruñeko Golem zinemetan ere ikusi ahal izango da hilaren 18an.

Zabaldu: