Booktuberboom Lehiaketaren VI. edizioa abian da

Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da.

Aurten ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gazteen artean liburuen euskal influencer-a topatu nahi dute Galtzagorri Elkarteko kideek. Horrexegatik zabalik dago jada booktubeak bidaltzeko epea. Lehiaketara lanak azaroaren 25era arte aurkeztu ahal izango dira eta parte hartzeko oinarriak Booktuberboom blogean egongo dira eskuragarri. Aurten, gainera, berrikuntzaz betea dator lehiaketa.

Azaldu dutenez, “Book (liburua) eta tube (Youtube) lotzen dituen bideoa da booktube-a. Hau da, Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko kritika edo iruzkina da, liburu baten irakurketa gomendatzeko norberak bere buruari egindako bideo-grabazioa”.

Booktuberboom egitasmoak booktube lehiaketa eta booktuber topaketak hartzen ditu. Hau da, gazteek bideo-grabazio bat bidaliz lehiatzen badute ere, egitasmoan booktuber topaketak egiten dira. Topaketa hauek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaztelekuetan zein liburutegietan egingo dira. Irailetik azarora bitartean bost egingo dituzte guztira EAEko liburutegi ezberdinetan. Era berean, jada bi urte dira Booktuberboom Youtube saioa abiatu zutela (booktuber kedada birtualak). Youtuben ikusgai dauden saioetan liburuak izan genituen mintzagai, elkarrizketa eta erronka ezberdinetan.

Helburua 14 eta 18 urte bitarteko gazteen irakurzaletasuna hauspotzea da ikus-entzunezko euskarriak baliatuta. Bide batez, euskal booktuber plataforma bat sortu nahi dute. Dagoeneko egitasmoa euskal booktuber komunitatearen lehen hazia landatzen ari da.

Aurreko urteko Booktuberboom Lehiaketan Andere Garabietak eta Nikole Arandok eskuratu zuten Epaimahaiaren saria, Tinta-bihotz (Cornelia Funke) liburuari esker lehenak eta Mila gau eta bat gehiago (Patxi Zubizarreta) liburuari buruzko booktubeari esker bigarrenak. Publikoaren saria, azkenik, Andere Garabietak irabazi zuen 414 “atsegin dut” jasota.

Aurtengo edizioko berrikuntzei dagokienez, urte hauetan lehiaketa Booktuberboom_+ bilakatu da eta sare sozial berriak txertatu dituzte egitasmoan. Hala, Bookstagram eta Booktoker lehiaketa ere zabaldu dituzte. “Instagram eta TikToken ere gero eta ezagunagoa bilakatzen ari da liburuak gomendatu eta partekatzeko ohitura. Beraz, Booktuberboom lehiaketan Youtubera bideo bat igo duen parte-hartzaile orok aukera izango du sare sozial horietan ere liburu horrekin argitalpen bat igo eta lehiaketan parte hartzen jarraitzeko”.

 

Zabaldu: