(argazkia: Vital Fundazioa)

Eskultura, argazkigintza, musika, pintura eta grafiti arloko artisten lanez osatutako erakusketa Gasteizen ikusgai

Bost mas bost izeneko erakusketa belaunaldien arteko proiektu kolektibo bat da, hainbat arte diziplinatako artisten interesak eta sentsibilitateak batzen dituena. 

Bost mas bost urteko azken erakusketa izango da Gasteizko Vital Fundazioa erakusketa-zentroan. Belaunaldien arteko erakusketa kolektiboa da, eta bertan, zenbait arte diziplinatako emakume eta gizonek proiektu kolektibo baterako interesak eta sentsibilitateak batu dituzte.

Maika Gomez eta Sara Gomez txalapartariek, esaterako, pieza berezi bat sortu dute Bost mas bost proiekturako, Eva Menak, bere aldetik, bi grafiti sortu ditu aretoan bertan, erakusketa honetan lankide dituenak erretratatuz, Nerea Morenok eskultoreei beren lan-eremuetan, sorkuntza prozesu betean, egindako erretratuak izango ditu ikusgai; eta Maite Sainzek proiektu honetarako margotutako piezak erakutsiko ditu.

Eskultoreei dagokienez, euren lanen aukeraketa bat erakutsiko dute. Mikel Lertxundik, Iñigo Arregik, Victor Arrizabalagak, Iñaki Olazabalek eta Koldobika Jauregik eskultura modernoaren herentzia desberdinak ordezkatzen dituzte, eta guztiak batzen ditu batez ere autodidakta den prestakuntza izateak, arte-zentroek antolatutako ikastaro eta tailerretan parte hartuz osatu dutena. Oteiza, Txillida eta Ibarrolaren eragin handiko eszenan sortu ziren. Hala ere, artista horiekiko eta Mendiburu eta Basterretxea bezalako beste batzuekiko distantzia kritiko batzuekin, erakusketa honetan parte hartzen duten eskultoreek, arian-arian, euren eskultura poetika propioa moldatzen joan dira.

Bost mas bost erakusketa asteartetik igandera egongo da ikusgai. Asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera librea izango da.

Zabaldu: