Boterea izango da aurtengo dFeria azokaren gai nagusia

Martxoaren 11tik 14ra bitartean izango da aurten dFeria jaialdia, nahiz eta antolatzaileek iragarri dutenez, aurreko asteburuan programazio berezia eskainiko den 25. urteurrenagatik.

Aurten, 32 konpainien 33 ikuskizun eta 36 emanaldi eskainiko dira Donostiako hainbat agertokitan. Hiria bera, arte eszenikoen azoka ikusgarri bat bihurtuko dela azpimarratu dute arduradunek.

Aipatzekoa da ikuskizunen %63a estreinaldiak izango direla, horietatik hamalau Euskal Herriko dantza eta antzerki ikuskizunak, besteak beste.

Aurtengo gaia bestalde, boterea izango da, “zerbait egiteko edo zerbait izateko izan daiteke”, baina ekimen honetan boterearen beste adiera bati begiratuko diote: “nagusitasun hegemonikoa izateko edo aginte gorena islatzeko gaitasunari. Izan ere, ideia hori, zeina gertuago baitago norbanako baten/batzuen gainean eragina izateko trebetasunetik –eta gehienetan ez modu positiboan–, dFeria 2019an gozatu ahal izango ditugun lan askotan dago jasota”.

Hain zuzen, boterea erabiltze hutsetik boterea gehiegikeriaz erabiltzera pasatzea izan da protagonista dFeriaren 25 urte hauetan gehien txalotu diren ikuskizunetan.

Arte eszenikoetako profesionalentzat erreferente bat bilakatu da dFeria eta harremanak sendotzen jarraitzen du Europako zein Latinoamerikako merkatuetan. Bereziki, profesionalei zuzendutako jaialdia da honakoa. Azaldu dutenez, aurkezpenak, neurrira eginiko topaketak, bilerak eta bestelako jarduera paraleloak antolatuko dira hauentzat.

Egitarau osoa hemen.

Zabaldu: