Idoia Asurmendi (argazkia: Loraldia)

‘Bozak. Emakume sortzaileak eta eszena’ emanaldi digitala eskainiko du Bilboko Loraldiak

Martxoaren 20an euskal eszenaren unibertsoan biztutako bi ahots berri izango dira Bilboko Guggenheim Museoan: Olatz Salvador eta Idoia Asurmendi, besteak beste. Maddalen Arzallusek gidatuko du solasaldia.

Bozak. Emakume sortzaileak eta eszena izeneko proposamen artistikoa eskainiko du Loraldia Festibalaren zazpigarren edizioak. Martxoaren 20an izango da emanaldia, Bilboko Guggenheim Museoan eta euskal eszenaren unibertsoan biztutako bi emakume izango dira oholtza gainean: Olatz Salvador eta Idoia Asurmendi. Kantatzeaz gain, solasaldia ere eskainiko dute abeslariek, emakumea eta eszena aztertzeko asmoz. Horretarako, Maddalen Arzallus arituko da gidari lanetan.

Hiru emakume hauekin batera, Ane Labaka bertsolariak eta Itziar Ituño aktoreak bideo bidez parte hartuko dute emanaldian. Loraldia Kultur Elkarteko Amaia Ocerinek, berriz, gaiaren inguruan sortu den eztabaida eta jarioa kontatuko du sarean. “Emakumea eta eszena izango dugu hizpide, gogoeta kolektiboa eta hamaika gai aztergai: emakumeak eta euren zailtasunak, etsipenak eta mespretxuak mundu patriarkal honetan; emakume sortzaileen egoera; lanean aurkitzen dituzten arazoak…”

Izan ere, Loraldia Kultur Elkarteak deialdia egin du aste hauetan zehar eta publikoaren parte hartzea eskatu du sarearen bitartez, hausnarketa kolektiboa eta gaiaren inguruko eztabaida pizteko.

Emanaldia aretoan bertan eta baita sarean ere ikusteko aukera egongo da, eitb.eus eta loraldia.eus webguneetan.

Zabaldu: