Buitraker (argazkia: Hatortxu Rock)

Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender taldeak berriro igoko dira oholtzara Hatortxu Rock jaiari agur esateko

Hiru talde hauek urtarrilaren hasieran aurreratutako beste hamarrei batu zaizkie: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri. Datozen asteetan askoz gehiago batuko direla iragarri dute.

Hilabete gutxi batzuk falta dira Hatortxu Rock jaialdiari agur esateko eta antolakuntza “hitzordu ezin bereziago bat” antolatzeko lanean ari da. “Zentzu horretan albiste hirukoitz bat eman nahi dugu, aspaldian eszenatokiak utzita zituzten Euskal Herriko hiru talde itzuliko dira oholtzara: Buitraker, Autobus Magikoa eta Never Surrender”, iragarri dute.

Buitraker 1992an Iruñean jaiotako euskal musika taldea izan zen, “nafar hiriburuko underground eszenan ahoz-aho haziz joan zen taldea, 1998an Lurrun makina diskoa kaleratu arte. Rock eta metal musika jorratu zuten, baina soinu elektronikoek eman zieten nortasuna. 2006ko azaroaren 7an igo ziren agertoki batera azkenekoz eta orain Hatortxuri «agur» esateko elkartu dira, ia bi hamarkada beranduago”.

Autobus Magikoa, berriz, 2015ean jaio zuten. Paul San Sebastian, Julen Etxebeste, Beñat Ibargoien, Xabi Belaunzaran eta Gotzon Retegik osatzen dute. “Gipuzkoan fenomeno bihurtu ziren urte horietan euskal reggae musika ardatz zutela”. Azken kontzertua 2018ko martxoan jo zuten, Ernai gazte antolakundeak Oiartzunen egindako Gazte Akelarrean.

Iragarritako hirugarren itzulera Never Surrender taldearena da. 2002 urtearen hasieran sortutako taldea izan zen. Arrasateko lau lagunek osatzen zuten: Pottoko (abeslaria), Arri (gitarra), Dura (baxua) eta Atxi (bateria), estilo berdinak batu zituen eta hala lehenengo kontzertua 2002ko azaroan eman zuten. Azkena, berriz, 2019an. Lakuntzan, baina, zita bat dute Hatortxuren agurrean.

Hiru talde hauek urtarrilaren hasieran aurreratutako beste hamarrei batu zaizkie: Bulego, Nøgen, Tatxers, Skabidean, Streetwise, Banda Bassotti, Gozategi, Eñaut Elorrieta, Los Zopilotes Txirriaos eta Betagarri. Datozen asteetan askoz gehiago batuko direla nabarmendu du antolakuntzak, iragarritako hiru itzulerak ez dira azkenekoak izanen, ezta gutxiagorik ere”.

Zabaldu:

Utzi erantzuna