Azken urteotan, azkoitiarrak ohartu dira belaunaldi berriek ez dutela talde bizkaitarra beraiek bezainbeste ezagutzen eta belaunaldien arteko zubi bat eraiki nahi izan dute aurkeztu duten bertsioarekin.
Bulegoren aurtengo bira hasteko astebete falta den honetan, azkoitiarrek Ken Zazpiri omenaldi bat egin nahi izan diote eta talde bizkaitarraren Noizbait kantaren bertsio garaikidea aurkeztu dute. Taldekideek azaldu dutenez, “Ken Zazpiri esker da Bulego posible. Betidanik miretsi izan dugun taldea da guretzat, eta haiek ikusteak piztu zigun euskaraz pop estiloa egiteko grina”.
Gipuzkoarrak azken urteotan ohartu dira belaunaldi berriek ez dutela taldea beraiek bezainbeste ezagutzen, eta “horrek pena ematen zigun, sentitzen dugulako gaur egun bizirik beharko lukeen ondarea delako. Belaunaldien arteko bitartekari lanean nolabaiteko eragina izan dezakegula sentitu dugu, eta horregatik erabaki dugu lehen aldiz bertsio bat egitea: belaunaldien arteko zubi bat eraikitzeko, eta gazteenek guk hainbeste gozatu eta inspirazio iturri izan dugun taldea gertuago senti dezaten”, adierazi dute.
Bulegok ez du kontzerturik eskainiko datorren urtean, 2025a, izango da, beraz, geldialdiaren aurretiko azken urtea. Euskal Herriko birari hasiera emateko, hainbeste aldarrikatu duten euskal pop kulturari keinu bat egin nahi izan diote bertsio honekin.
Musikaren ekoizpena Andres Goiburuk (Rauw Alejandro, Marina Reche, Marc Segui, Xavibo…) egin du. “Abestiari ukitu garaikidea ematea izan da xedea, belaunaldi berriek kantu honetan euren tokia aurkitu dezaten”. Gabriel Mozok, berriz, bideoklipa zuzendu du, eta “betidanik gure artean egon diren elementu klasikoak egokitu ditugu garai berrietara: Ez genion iraganari nostalgiaz begiratu nahi. Gaur egungo zentzu eta noranzko batekin ekarri nahi genuen abesti hau. Bideoklipean zehar elementu klasikoekin jokatu dugu, hauen balio garaikidea aldarrikatzeko asmoz: motorra, labana, mahastiak (ardoa)… denboraren poderioz balioa irabazten joan diren elementuak dira, eta uste dugu abesti hau eta Ken Zazpi bezalako talde baten ondarea ere hala dela”, gehitu dute.
Abestia, lehen aldiz, Bilboko Santana 27 aretoan estreinatuko dute zuzenean, ekainaren 7an. Kontzertu horretarako sarrerak eskuratzeko, hemen.