Iñaki Cid Larrea, Pantzo Hirigarai eta Braulio Cortes Diaz izan ziren 21. edizioko irabazleak. (argazkia: Tartean teatroa)

‘Cafe Bar Bilbao’ Teatro Laburreko Gidoien Sarien 22. edizioa martxan da

Gidoiak abenduaren 31 baino lehen bidali beharko dira.

Formatu txiki edo kafe-teatro izeneko antzerki motarako gidoien lehiaketa antolatu du Bilboko Cafe Bar Bilbaok Tartean Teatroarekin batera. Honetan, euskarazko eta gaztelaniazko testuak aurkeztu ahal izango dira, gehienez 30 minutuko antzezlan baterako. Gidoiak aurkezteko azkenengo eguna abenduaren 31 izango da.

Mikel Martinezek azaldu duenez, “Testua antzerki laburrerako izan beharko da eta errez muntatzekoa, antzoki eta areto txikietan zein ez ohiko espazioetan taularatzeko modukoa. Horren arrazoia amu bat jartzea da, jendeak gidoiak idatz ditzan, laburrak izateak errazten baitu lan hori”.

Euskarazko zein gaztelaniazko modalitateetako irabazleek 750 euroko saria jasoko dute lan bakoitzeko. Bestetik, lan sarituak Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukera izango da eta, kasu honetan, norbaitek ekoiztea nahiko balu, Tartean Teatroak 600 euroko diru-laguntza bat emango dio irabazleetako bati (euskarazkoa edo erdarazkoa) publiko aurrean aurkez dezan.

Bestetik, euskarazko gidoi irabazlearekin Bilboko Zazpi Kaleetako Lautan Hiru jaialdian irakurketa dramatizatua egiteko aukera egongo da. “Ia beti egin izan da irakurketa dramatizatua, gidoia irakurketarako aproposa bada”, nabarmendu du Martinezek.

Berrikuntzak

Aurtengo berrikuntzen artean EITB Sari berezia dago: Euskarazko Soinu Fikzioko Gidoi Labur Onena. Kasu honetan, EITBk 1.000 euroko saria emango du, eta gidoi irabazlea EITB Podkast plataformarako grabatuko da. EITBk saritutako antzezlana, beste modalitateko irabazlea izan daiteke ala ez. EITBk Postkast plataforma horretara igotzeko gidoi aproposena aukeratuko du. Egileak, berriz, EITBri emango dio podcast hori egiteko baimena edota eskubidea. Podcast-a EITBk ekoiztuko badu ere, Dantzerti eskolako irakasleak eta ikasleak izango dira podcasta sortu edo antzeztuko dutenak. “Egile eskubideak autorearenak badira ere, egileak horretarako baimena eman beharko dio EITBri. Beraz, euskarazko gidoien artean, batek bi sariak irabaz ditzake, edo bi antzezlan desberdin izan daitezke sarituak: bata gidoirik onenarena eta bestea EITB sariarena”, azaldu du Martinezek.

Hala ere, sariok epaimahai berak erabakiko ditu, hau da, Tartean Teatroa eta Cafe Bar Bilbaoko kideek osatutako taldea.

Informazio gehiago eta sariaren oinarriak, hemen.

Zabaldu:

Utzi erantzuna