Imajinatutakoaren arintasuna erakusketa urtarrilaren 19ra arte egongo da zabalik, Ziudadelako Bolborategian.
Carmen Salgado Amado artistak azken bost urteetan eginiko pintura eta eszenografien hautaketa bat paratu dute Iruñeko Ziudadelako Bolborategian urtarrilaren 19ra arte. Imajinatutakoaren arintasuna erakusketak sortzailearen unibertso berezian murgiltzeko aukera ematen du; izan ere, esanahiz betetako kutxatxo txikietan biltzen ditu bere oharrak eta hausnarketak.
Erakusketak mihise gainean, formatu karratuan, akrilikoz eta koloreak nabarmen erabiliz eginiko hainbat pintura barne hartzen ditu. Karratuek eta lerro geometrikoek mugatzen dituzte eszenak, formatu txikiko kutxetan, eta horien barruan jakin-mina eta misterioa uztartzen dituzten istorio txikiak garatzen dira. Kutxetako giroek pinturekin lotura duten kontakizunak sortzen dituzte.
Artistak sorkuntza-prozesuaz gozatzen duela aitortu du, “jolas moduan eszena surrealistak imajinatzen ditut eta, horretarako, besteak beste, formak, testurak eta collageak baliatzen ditut”. Eszenek bidaiak, obsesioak, pertsonaiak eta natura irudikatzen dituzte, eta horiek guztiak elkarren artean eta haiei begira dauden publikoarekin hartu-emanean jartzen dira, mikrokosmosak eta istorio oso iradokitzaileak osatuz eta kontatzen duten istorioan murgiltzera gonbidatuz.
Salgadok ñimiñoarekiko duen lilura mikrokosmosetan islatzen da; Mikrokosmosak sei kutxa-multzotan banatzen dira, karratu bat eratuz, eta 25 kaxak osatutako multzo bakoitzak, elkarren artean bereizita eta lotuta funtzionatzen dute. Multzo bakoitzak gai bat osatzen du: itsasoa, bizitza, kosmosa, erokeria, ahultasuna, taupada… Horiek guztiak hari eroale papera egiten duen esfera gorri batek lotzen ditu.
Artistak modu desordenatuan aurkezten ditu beste kutxa-multzo batzuk, sistemaren aurkako alegatu gisa funtzionatzen duten asmatutako istorioak baliatuz, ezarritakoa eta eguneroko errutina hausteko modu gisa. Salgadok artearen bidez kontatzen ditu hunkitzen duten gaiak, txundidura eta aurkikuntza sustatzen dituzten argazkiak, ebakinak, beira-aleak eta objektu txikiak uztartuz.
Imajinatutakoaren arintasuna erakusketa asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era bisitatu ahal izango da.