(argazkia: Euskaltzaindia)

Castillo Suarez euskaltzain osoak ‘Maitasunaren botanika’ poesia garaikidearen antologia pertsonala irakurriko du sarrera-hitzaldian

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Suárez iazko irailean eta heldu den uztailaren 1ean irakurriko du sarrera-hitzaldia Altsasun, sorterrian. Miren Agur Meabek emango dio erantzuna.

Euskaltzaindiak euskaltzain oso izendatu zuen Castillo Suárez idazle nafarra iazko irailean. Orain, eta Akademiaren barne-arauek agintzen dutenari jarraituz, sarrera-hitzaldia egitea dagokio euskaltzainari. Uztailaren 1ean izango da ekitaldia, Altsasuko Iortia kulturgunean. Euskaltzaindiak Osoko bilkura egingo du goizeko 10:00etan Altsasuko udaletxean, eta 12:00etan, Altsasuko txistulariek agintarien segizioari lagunduta, Iortiaraino iritsiko dira ekitaldi instituzionalari hasiera emateko. Altsasuko alkateak ongietorria egingo die bertaratutakoei, Andres Urrutia euskaltzainburuarekin batera eta, ekitaldian zehar, Sahatsa eta Pi hirukoteak lagunduko ditu mintzaldiak.

Ondoren, Castillo Suarezek sarrera-hitzaldia irakurriko du eta bere bizitzan eragina izan duten poema liburuen berri emango du. Landareen bidez harilkatuko ditu guztiak, Maitasunaren botanika izeneko antologia osatuko du. Miren Agur Meabe euskaltzain osoak erantzungo dio Zazpi gutun maitasunaren botanikari izeneko hitzaldiarekin. Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egingo du, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jasoko ditu euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran Altsasuko zortzikoa dantzatuko dute dantzari eta herritarrek.

Suarezek aurtengo otsailean aurkeztu zuen bere azken poema liburua Alaska izenpean. Idazleak oroitzapenetan iltzatuta dauden tokiei buruz hitz egiten du liburu honetan.

 

Zabaldu: