Euskaltzaindiak 2022ko irailaren 30ean izendatu zuen euskaltzain oso. Maitasunaren botanika izeneko hitzaldian bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak izan ditu gogoan Suarezek.
Castillo Suarez Garcia idazle nafarrak gaur goizean Sarrera-hitzaldia irakurri du Altsasun, Euskaltzaindiaren barne-arauek agintzen duten moduan. Euskararen Akademiak 2022an izendatu zuen euskaltzain oso, eta, ohikoa denez, izendapenarekin batera Sarrera-hitzaldia egitea dagokie euskaltzainei. Gehienetan, sorlekuan egin izan dute.
Sagrario Aleman eta Miren Agur Meabe euskaltzainen eskutik sartu da altsasuarra bere Sarrera-hitzaldia ematera. Landareen bidez harilkatu ditu bere bizitzan eragina izan duten poema liburuak Maitasunaren botanika izeneko antologia pertsonalean. Hautatutako landareek idazlearen poetikaren ezaugarriak erakutsi dituzte hitzaldian zehar, hala nola idazteko ausardia, ekintzailetza politikoa, oroimena, hiztegigintza, biziraupenerako gogoa…
Miren Agur Meabek gutunen bidez eman dio erantzuna. Poetikari eta estetikari buruzko gogoeta intimo modura planteatuta, poeta nafarraren gai batzuk aipatu ditu: galera, bakardadea, maitasuna, mina, langintza, erresistentzia… eta harremanetan jarri ditu mundu zabaleko beste idazle batzuen pasarteekin, hala nola Emily Dickinsonekin, ezkilek nola, idazleak ere hala oihartzunaren bila euren sarrera-hitzaldietan.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin du, “Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki” beteko dituela esanez, eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik. Ekitaldiaren amaieran, giro alaian, Altsasuko zortzikoa dantzatu dute denek.