Castillo Suarez idazle altsasuarra euskaltzain oso izendatu dute

Suarezek Patxi Zabaletaren hutsartea beteko du Euskaltzaindian. Orain, euskaltzain oso berriak zortzi hilabeteko tartea dauka sarrera-hitzaldia paratzeko. Suarez kontuan hartuta, 96 lagun dira sorreratik Euskararen Akademiak izendatu dituen euskaltzain osoak.

Euskaltzaindiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Patxi Zabaleta emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Castillo Suarezek erdietsi du Akademiaren arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, uko egin dio hautagaitzari bozketa izan aurretik.

Euskaltzaindiak gogoratu duenez, 2022ko maiatzaren 21ean, Baztango udaletxean egin zen Osoko bilkuran, Akademiak euskaltzain emeritu izendatu zuela Zabaleta euskaltzain osoa; Izan ere, emeritu izateko 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Bilkura horretan zabaldu zen, hala berean, hautagaiak aurkezteko epea.

Ondoren, uztailean amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bi aurkeztu zituzten euskaltzainek uztailaren 22an Alkizan egin zen Osoko bilkuran, hain zuzen ere, Paula Kasares eta Castillo Suarez, eta gaurko bilkuran idazle altsasuarra izendatu dute euskaltzainek.

Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du Altsasuko euskaltzainak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo zaio.

Zabaldu: