Iraileko Osoko bilkuran jakingo da Patxi Zabaleta euskaltzain emerituaren lekua nork hartuko duen.
Alkizan egin den Osoko bilkuran, Castillo Suarez idazlearen eta Paula Kasares soziologoaren izenak aurkeztu dira euskaltzain oso izateko hautagai. Gogoratu behar da Patxi Zabaleta emeritu izatera igaro zela maiatzaren 20an, eta maiatzaren 21ean Baztango udaletxean egin zen Osoko bilkuran zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea.
Horretara, Akademiaren arautegiak agintzen duen moduan eta euskaltzain oso eta emerituen bozen nagusitasuna erdietsiz gero, iraileko Osoko bilkuran egingo den bozketatik aterako da euskaltzain oso berriaren izena.
Castillo Suarez (Altsasu, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki-administrazioko euskara teknikaria ogibidez. Bere literatura lanari etorrita, batik bat, poesia lanak idatzi ditu: orain arteko bildumarik osatuenak Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar) eta Irautera (2019, Elkar) izan dira. Bestalde, hainbat hedabidetako kolaboratzailea da. Azkenaldian, haur literaturan ere utzi ditu zenbait ale, horien artean, Ebelina Mandarina (Erein, 2010). Literaturari buruzko blog bat ere badauka: Iparraldeko neska. Hainbat literatura sari eskuratu ditu eta bere testuetako batzuk zenbait hizkuntzatara (gaztelania, frantsesa, ingelesa, alemana, katalana, galegoa…) itzuli dituzte. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.
Paula Kasaresek (Iruñea, 1969) soziolinguistika arloan garatu ditu ikasketak eta lan ibilbidea. Doktorea da eta graduak nahiz graduondoak burutu ditu euskal filologian, antropologian eta hizkuntza plangintzan. Lan jarduna euskararen normalizazio teknikari lanetan hasi zuen 1994an. 2001etik 2003 bitartean, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria izan zen, eta egun Euskararen Nafar Institutuko Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria da; NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakasle ere badihardu. Ikerketari dagokionez, soziolinguistika, hizkuntza eskubide eta hizkuntza antropologia alorretako hiru libururen eta hainbat artikuluren egilea da Kasares. Komunikazio eta hitzaldi ugari eman ditu Euskal Herriko nahiz atzerriko biltzar-mintegietan eta hondar hamarraldian; familian haurrak euskaldun haztearen gaineko hedapen eta sentsibilizazio jarduerei loturik ibili da. Euskaltzain urgazlea da 2016tik.