(argazkia: Zinegoak)

Clarisa Navas zinemagileak jasoko du Zinegoak 2024 Ohorezko Saria

Zinemagile argentinarrak ekainaren 24an jasoko du saria Arriaga Antzokian egingo den irekiera ekitaldian.

Clarisa Navas zinemagileak jasoko du Zinegoak 2024 Ohorezko Saria, DAMAren babesarekin. Navas zuzendari, gidoilari, ekoizle, irakasle eta idazle argentinarra da, eta klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen du, pasioz eta konbentzimenduz.

Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiko zuzendari Alaitz Arenzanak azpimarratu duen bezala, jaialdiak Navasen lana aitortu nahi izan du, sorkuntza kolektiboko prozesuak bultzatzen dituelako eraldaketarako motor eta palanka gisa: “Orainaldiko eta etorkizuneko erreferentzia bat da. Zinema eta mundua ulertzeko modu bat, espazio bizigarriagoak bizitzeko aukera ematen diguna, nahiz eta gogorrak eta bortitzak izaten jarraitu, baina izateko eta egoteko beste modu batzuk erakusten dizkiguna. Zinegoaketik bere lan artistikoa eskertu eta gure sari nagusiarekin duen konpromiso politiko eta soziala aitortu nahi dugu”.

Navasen fikziozko bi film luzeak, Hoy partido a las 3 eta Las mil y una, emakumeei, giza harremanei, aniztasunari eta ezarritako eredu eta konbentzioetatik at geratzen diren bizipenak garatzeko borrokari egindako kantua dira.

Sortzaile polifazetiko hau Ikus-entzunezko Arteetan lizentziaduna da Arteen Unibertsitate Nazionalean (UNA), ENERC Esperimentazio eta Errealizazio Zinematografikoko Eskola Nazionalean irakaslea, proiektuak garatzeko ABC BAFICI saila zuzentzen du, eta 2010az geroztik Argentinako Ipar-ekialdean eta Paraguain zinema egiteko beste modu batzuk asmatzen dituen Yaguá Pirú Cine kolektiboko kidea da.

2011. urtean, Navasek bere lehen luzemetrai dokumentala egin zuen, Retratos de otro país, Argentinako urrutiko tokiak ezagutzera eramaten duena: komunitate indigenak, landa-herriak eta gizarte-inguruneak, sistema instituzionaletatik kanpo antolatzen direnak eta zinemari buruz duen ikuspegi politikoa eta berak inprimatu nahi dion zentzua zalantzan jartzera bultzatzen dutenak.

Bere lan ia guztietan elementu nagusi bi nabarmentzen dira: jendearekiko pasioa (batez ere emakumeekikoa) eta mugekiko lotura, identitateak diluitzen dituen espazio gisa: Los Guarangos dokumentala (2012), Mujeres entre fronteras dokumentala (2015), edo Rio atrevido fikziozkoa (2016).

2017an, Hoy partido a las 3 obra aurkeztu zuen. Dokumentalaren premisatik sortu zen, eta fikzio bihurtu zen protagonisten gogo kolektiboari esker, guztiak Navaseko taldeko futbol-jokalariak eta gertukoak baitziren. Bertan, futbolean ari diren emakumeek dituzten zailtasunez hitz egiten du, baina ez horretaz bakarrik, baita emakumeek beren artean duten harremanaz eta zailtasun horiek gainditzeko nola antolatzen diren ere, bai kirolean, bai eguneroko bizitzan, jai-giroan.

2020an, Las mil y una fikziozko bere film luzea Berlinaleko Panorama sailaren inaugurazio-proiekzioa izan zen. Clarisa Navas Corrienteseko Las mil auzoan hazi zen. Lan honetan zuzendaria emozionalki eraiki zuten lekuetara itzuli zen. Sorkuntzarekin duen konpromisoa agerian geratu zen berriz ere, toki horiek istorioak eraikitzeko oinarri gisa aukeratuz. Maitasunezko, lagunarteko eta familiako bizipen horiek elikatzen dute film saritu hau.

Navas hunkituta agertu da aitorpenarekin

“Oso eskertuta nago nigan pentsatu dutelako. Argentinan hain garai zaila izaten ari da, eta egiten dugun guztirako hain panorama tamalgarria denez, gonbidapen hau besarkada bat bezala sentitzen da, gure herrialdean jasotzen dugun bakarra erasoak diren garai batean”.

Adierazi duenez, “zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina gobernura heldu zenetik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat, kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baina baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da”.

“Neke handia” sentitzen dutela azpimarratu du, “egunero aurre egin behar diogulako borrokaren bati. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek gaur egungo testuinguruan, herrialdearen gehiengoak gosea pairatzen duenean. Hala ere, bizitzen ari garen hondamendi sozial hori beste zerbait imajinatuz ere inguratu behar da. Uste dut guk, queer sentitzen garenok, hori oso presente daukagula, badakigulako borrokarik gabe eta desiorik gabe mundu hau desberdina izateko aukerarik ez genukeela izango. Orain hemen berriro ixten ari da, eta horrek larritasun handia sortzen du, baina ez diogu utziko hain erraz egiten”.

Zinemagileak ekainaren 24an, astelehena, Arriaga Antzokian egingo den jaialdiaren irekiera ekitaldian jasoko du Ohorezko Saria. Bezperan, ekainaren 23an, 18:30ean, Bilborocken, solasaldi bat antolatu da Irantzu Varela kazetari feministarekin, eta Navasen hiru lan, bi film labur eta film luze bat, proiektatuko dira: Enviado para falsear, No es un juego eta Hoy partido a las 3. Gainera, ekainaren 25ean, BilbaoArten, 18:30ean, Las mil y una izango da ikusgai.

Zinegoakek ekainaren 11n aurkeztuko du bere programazio osoa.

Zabaldu: