‘Sorginkeria, Jukutriak eta Dantzak’ izeneko erakusketa paratu dute Irisarrin

Claude Labat historialariak eta Marc Armspach Marko marrazkilariak osatutako erakusketa abenduaren 20ra arte egongo da ikusgai Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean.

Atzera begira jarri eta 17. mendera bidaiatuko du ikusleak Irisarriko Ospitalea gunean Claude Labat historialariak eta Marc Armspach Marko marrazkilariak paratu duten Sorginkeria, Jukutriak eta Dantzak izeneko erakusketa koloretsuarekin. Elkar argitaletxeak bi sortzaile hauen liburua kaleratuko du aste batzuk barru eta bilduma lan horretan oinarritzen da.

Erakusketak 1609tik aitzina Lapurdin eta Nafarroan izandako sorgin ehizaren garaiak islatzen ditu.

Erakusketaz gain, animazio programa bat ere antolatu dute antolatzaileek. Horien artean, gaur, 19:00etan Euskal Herriko sorginkeriari buruzko behako berri bat. Sorgina, aitormenetik moldatu izakia izeneko hitzaldia izango da Labat-en eskutik, hilaren 24an, osteguna, 19:00etan, berriz,  Auziak ekarri zituzten jukutriak izeneko hitzaldia Juan Ignacio Arzak Nafarroako historialariarekin edota azaroaren 22an, ostirala, 19:00etan 1609-2019 Lehengo eta oraingo sorginak bisita-eztabaida, Claire Lohiague gida eta konferentzia egilearekin izango da. Egitarau osoa hemen.

Sorginkeria, Jukutriak eta Dantzak erakusketa abenduaren 20ra arte bisitatu ahal izango da, astelehenetik ostiralera 10.00etatik 12.30era eta 13.30tatik 17.30era eta larunbatetan 10.00etatik 12.30era.

Zabaldu: