(Errenteriako Udala)

Cocanha eta Julen Achiary, Bele, La Txama eta Sol Band izango dira, besteak beste, Atlantikaldia jaialdian

Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Aurten irailaren 19tik 22ra izango da.

Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak, Maite Gartzia Kultura zinegotziak, Isaac Palencia Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria zuzendariak eta Esti Parada Atlantikaldiako komunikazio teknikariak jaialdiaren aurkezpena egin dute astearte honetan, Lekuona Fabrikan. Hamaikagarren edizio honetako egitaraua osatuko duten lehenengo artisten aurrerapena egin dute, webgune eraberritua aurkeztearekin batera.

Arte diziplina ezberdinen bidez, Errenteria munduko kulturen arteko elkarrizketez betetzen duen musika jaialdia eta kultur topaketa da Atlantikaldia. Aurten hamaikagarren edizioa izango du eta irailaren 19tik 22ra egingo da, Artxipelagoa lelopean: “Hamaika urte betetzen ditu aurten jaialdiak. Hamaika hitzaren esanahia zenbaki hutsetik haratago doa euskaraz: hamaika aniztasuna da; eta hain justu, hori da Atlantikaldiaren erroa. Hamaika emanaldi, hamaika sorkuntza, hamaika harreman, hamaika emozio… Gure unibertsora eramatean, artxipelago bat datorkigu burura: irla txiki ezberdinez osatutako eremu bat”, adierazi du Aizpea Otaegi Errenteriako alkateak.

Aurreko urteetan bezala, edizio honek ere lau plaza nagusi hartuko ditu: Lehendakari Agirre plaza, Herriko plaza, Panier orubea eta Foru plaza, nahiz eta ibaian eta herrian zehar ere ekimenak egingo diren. Jaialdiaren artxipelagoa osatuko duten guneak izango dira hauek, hurrenez hurren: oholtza nagusia izango den Itsasargi Nagusia; emanaldi intimoagoak eskainiko dituen Herriko Plaza; Kalekaia artista urbanoentzako espazioa; eta Herrixka jarduera parte hartzaileetarako gunea. Herrixka, halaber, gastrogune ere izango da bertan jarriko dituzten foodtrucketako eskaintza gastronomikoarekin.

Karteleko lehen izenak

Ekitaldiak askotarikoak eta bereziak izango direla iragarri du antolakuntzak, “kulturen arteko elkarrizketa eta sormen artistikoa sustatuz, bakoitzak bere nortasuna mantenduz eta elkarrekin osotasunean funtzionatuz: musika eta dantza emanaldiak, literatura, gastronomia, haur nahiz helduentzako tailerrak…”

Jaialdiaren lantaldea, bideragarri jo dituen proposamenekin diziplina askotariko egitaraua osatzen ari da orain, baina bitartean, oholtzetara igoko diren lehen artista konfirmatuen izenak aurreratu ditu Esti Parada komunikazio arduradunak: ostegunean Cocanha + Julen Achiary eta Bele arituko dira; ostiralean Esanezin, Francisco El Hombre eta Bichos Raros; eta larunbatean Sol Band, La Otra, Iseo & Dodosound eta La Txama.

“Atlantikaldiaren balioekin bat egiten dute artistak izango ditugu aurten oholtza gainean. Saiatu gara nazioarteko eta bertako artisten artean dibertsitatea bilatzen, eta emakumezko artistei ere oholtzan euren tokia bermatzen. Kulturaren munduan emakumezkoek merezi duten papera aitortzeko erakusleiho aparta gara, eta eredu izaten jarraitu nahi dugu zentzu horretan”, azaldu du Paradak.

Halaber, jaialdiak hasieratik egin duen sorkuntzaren aldeko apustuari jarraiki, ez dira faltako Itsas Elkarrizketak: jatorri anitzetako sortzaileak harremanetan jartzea du xede ekimen honek, inoiz batera taularatu gabeko emanaldiak lehenengoz Atlantikaldiako publikoari eskainiz. Elkarlan hauek eta egitarau osoa irailean emango dira ezagutzera.

Zabaldu: