Consonni argitaletxe eta espazio kultural independienteak ‘Documenta 15’ erakusketan hartuko du parte

Alemaniako Kassel hirian antolatu duten erakusketako giden editore artistikoa izateaz gain, Lumbung stories antologia literario eleanitzean ere hartuko dute parte, euskarazko edizioa ere izango duena.

Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak Alemaniako Kassel hirian aurkeztu den nazioarteko Documenta 15 erakusketa entzutetsuan parte hartuko du Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Zabal programari esker. Erakusketako gidaren editore artistikoa da Consonni eta liburu formatuan aurkeztuko duten proiektu artistikoa editatu du Lumbung stories izenpean. Ekainaren 18an irekiko ditu ateak erakusketak.

Bost urtean behin egiten da nazioarteko Documenta erakusketa hau Kasselen. Ekimenaren 15. edizio honetako komisario Indonesiako Ruangrupa kolektiboko kideek 2020ko otsailean izan zuten euskal testuingurua ezagutzeko aukera, eta Bilboko Arte Ederren Museoan Documenta 15 proiektua bera aurkezteaz gain, Bilboko San Frantzisko auzoko espazio editorial eta kulturala bisitatu eta lankidetzarako lehen mugarriak ezarri zituzten Consonnirekin.

Orain, Consonnik Ruangruparen kontzeptu kuratorialak testu-formatura eramango ditu, azokaren katalogoak osatuz. Dokumentuaren editore artistikoak izateaz gain, berorren ekoizpena ere koordinatu dute Hatje Cantz argitaletxearekin elkarlanean. Bestalde, Lumbung stories liburu eleanitzaren proiektuan ere hartu dute parte.

Hala, Consonnik Documentan parte hartuko du bere ohiko lan-moduarekin, hau da, artearen eta literaturaren arteko elkargunetik. Maria Mur Dean zuzendariaren ustez, oso berezia izan da, hala ere, azken urteko lana. “Sortu dugun liburua amets bat da guretzat. Hainbeste herrialdetako idazleekin lan egitea, proiektu eleanitza sortzea, kolektiboa eta nazioartekoa izango dena, oso berezia da”.

Liburuak artearen munduan argitaratzeko moduak birpentsatu nahi ditu, eta horrela, edukietan eragina izateaz gain, ekoizpen eta banaketa argitaratzeko formen inguruko hausnarketa ere egin.

Zentzu horretan, Muren aburuz, “garaiko tendentziak adierazten ditu azokak”, eta proposamen honen bidez, Documentaren edizio hau zeharkatzen duen lan kolektiboaren ideia aplikatuko dute, gai zein lan egiteko modu gisa.

Proiektu honek nazioarteko idazleak bildu ditu, eta elkarrekin lan egiten duten nazioarteko argitaletxe independenteen sarea sortu. Gainera, fikzio literarioa erabiliko da erakusketan lantzen diren kontzeptuak transmititzeko tresna gisa.

Proiektu horren emaitza antologia bat da. Aldi berean 8 argitaletxetan plazaratuko den liburua, 7 hizkuntzatan: arabieraz, ingelesez, gaztelaniaz, portugesez, alemanieraz, bahasa indonesieraz eta euskaraz. Euskarazko edizioa Txalapartak landu du, gaztelaniazko bertsioa, Consonnik berak. Jasotako kontakizunen artean Uxue Alberdirena ere badago.

Horiez gain, beste jarduera profesional eta hainbat mahaingurutan ere parte hartuko dute uztailean Maria Maciak, Dina Camorinok, Marta Alonsok, Munts Brunetek eta Maria Mur Deanek berak. Hilaren 6tik 10era, Lumbung argitaletxeen bileran hartuko dute parte; uztailaren 9an, Consonni eta Marjin Kiri Indonesiako argitaletxearen arteko solasaldi publikoa egingo dute; uztailean 10ean, halaber, irakurketa performatiboa egingo du Idoia Zabaletak, proiektuari ahotsa emateaz gain, liburua gorpuztuz, gaztelaniaz eta euskaraz.

Zabaldu: