Cortada, Gasteizko Film Laburren XXIV. Jaialdia abenduaren 14tik 19ra egingo da

Euskararen aldeko erronka bere horretan mantenduko da, eta aurten ere Euskarabanda Bideomaratoia egingo da.

Gaur egungo osasun egoeraren eraginez, jaialdi askok atzeratu edo online eskaini behar izan dituzte. Gasteizko Film Laburren jaialdiaren kasuan, presentziala izatea eta aldi berean online eskaintzea erabaki dute antolatzaileek.

Pandemiak eragindako egoera tartean dela, edizio honetan bi atal bakarrik izango dira: Oficial/Gureak, 35 film laburren aukeraketarekin, eta Hemengoak, lehiaketarako 21 lan bildu dituena. Unilabur eta Ehulabur sailak, berriz, bertan behera utzi dituzte. “Datorren urtean saiatuko gara horiek berreskuratzen”, adierazi du antolakuntzak. Era berean, aurten bertan behera geratuko da Publikoaren Saria. Hemengoak sailak bere eremu geografikoa zabalduko du, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hartzeko, eta ez soilik Araba, aurreko edizioetan bezala. Orotara, 56 film labur aukeratu dira; horietatik 33 EAEkoak dira. Oficial/Gureak saila aretoan eta online proiektatuko da, eta Hemengoak, ordea, online baino ez.

“Oso pozik gaude euskal ikus-entzunezkoak oso ordezkaritza ona duelako jaialdian, eta erakundeak animatzen ditugu bertako talentu berriak laguntzen jarraitzera, haien arrakasta Cortadarena eta gure zinemarena ere izango delako”, adierazi dute antolatzaileek.

Euskararen aldeko erronka bere horretan mantenduko da, eta aurten ere Euskarabanda Bideomaratoia egingo da. Lehiaketa hau baina, aurtengoan ez da presentziala izango.

Zabaldu: