(argazkia: Gasteizko Fournier Karta Museoa)

‘Crayon, marrazkilari ezkutu baten urratsen atzetik’ erakusketa paratu dute Gasteizko Fournier Karta Museoan

Joaquin Olagibel Urbina, Crayon marrazkilari gasteiztarraren biñetak bilduko ditu erakusketak azaroaren 25era arte.

 Araban ez da satira politikoari edo karikaturari lotutako tradizio handirik, baina salbuespenak badaude, Crayon, marrazkilari ezkutu baten urratsen atzetik izeneko erakusketa da horren adibide. Joaquin Olagibel Urbina, Crayon marrazkilari gasteiztarraren biñetak biltzen ditu erakusketak. “Egiazta dezakegunez, Crayonen lana XX. mendeko lehen hamarkadetan kokatzen da, prentsa satiriko-politikoa berritzeko garaian, umoristen eta karikaturagileen belaunaldi berri baten babesean”.

Lanbidez militarra izanik, pinturan eta marrazkigintzan aritu zen zale gisa. Bere belaunaldian ohikoa izan zen hori. Teodoro Dublang (1874-1940), Vicente Abreu (1879-1974) edo Aurelio Vera-Fajardo (1884-1946) bezalako tokiko artistak aurkitzen dira, Ignacio Diaz Olano maisuarekin trebatu ondoren.

Marrazkilari arabarraren binetak Madrilgo prentsan berreskuratu dituzte erakusketa honetarako, 1913 eta 1917 urteen artean, Lehen Mundu Gerraren garaian eskuineko satira politiko baten isla bezala, eta korronte kontserbadoreenekin lerrokatua. Gasteizko Zeledon aldizkarian 1930ean eta 1932an egindako kolaborazioak ere badaude, dimentsio ideologiko hori ez zutenak, eta Gasteizko jaien gozamena eta gorespena ardatz dituztenak.

Erakusketa hau Komedialdiaren jardueren programaren barruan dago (Gasteizko Umore Jaialdiaren laugarren edizioa) eta azaroaren 25era arte bisitatu ahal izango da Bendaña Jauregiko galerietan (Arabako Fournier Karta Museoa · Bibat). Ander Gondra historialaria izan da erakusketaren komisarioa.

Zabaldu: