(argazkia: Vital Fundazioa)

‘Dali, urte danteskoa’ erakusketa irailaren 19ra arte egongo da ikusgai Gasteizen

Artista katalanak Komedia Jainkotiarra lana ardatz hartuta egindako paradisu, purgatorio eta infernuari buruzko 100 xilografia biltzen ditu erakusketak.   

Dante Alighieri infernuari buruzko deskribapen literario beldurgarria egin zuen lehen artistetako bat izan zen, Salvador Dalirentzat erakargarria izan zen kontakizun epiko bat. Idazlearen heriotzaren 700. urteurrenarekin bat egiteko, Vital Fundazioak Dali, urte danteskoa erakusketa ireki du irailaren 19ra arte, bere erakusketa-zentroan.

Ehun bat lanen bidez, Dalik Paradisua, Purgatorioa eta Infernuan zehar bidaiatu zuen (olerkiaren hiru kantu horietatik 33 eta sarrerarako beste bat) ikuslea bere mundu paregabera hurbilduz, irudi onirikoz betea. Fernando Martinez de Viñaspre da erakusketaren komisarioa, eta berak egin du diseinua.

1957. urtean, Dante Alighieriren jaiotzaren 700. urteurrena zela-eta, artista katalanak Komedia Jainkotiarra irudiztatzeko sortu zituen ehun xilografia inguru dira. Atzerriko egile baten hautaketa horrek polemika handia eragin zuen Italian, eta, azkenean, alde batera utzi zuten aukera hura. Hala ere, Dalik bere lanarekin jarraitu zuen eta, bost urtez, ehun akuarela inguru marraztu zituen eta xilografiako plantxetara transferitzeko prozesua gainbegiratu zuen. Horien bidez, sei liburuki ilustratu ziren Dante Alighieriren testua frantsesera itzulita, hortaz, Komedia jainkotiarra ilustratzaile izatera iritsi zen Dai, Botticelli, Miguel Angel edo, berriki, Miquel Barcelo bezalako maisu handiekin batera.

Dalí, urte danteskoa Vital Fundazioa erakusketa-zentroan (Posta kalea 13-15, Gasteiz) izango da ikusgai gaurtik irailaren 19ra arte, asteartetik larunbatera 18:00etatik 20:30era, eta igande eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era. Sarrera doakoa izango da.

Zabaldu: