(argazkiak: Etxepare Euskal Institutua)

Damaris Pan eta Matthias Malefond artistak aukeratu dituzte Kometak egitasmorako

Kometak kultur lankidetza, sortzaileen mugikortasuna eta mugaz gaindiko elkarlan sareak indartzeko asmoz sortutako proiektua da.

Etxepare Euskal Institutuak, Uharte Zentroak eta Zebra3 erakundeak ezagutzera eman dituzte Kometak proiektuaren lehen ediziorako hautatutako artistak. Ekimenaren helburua da kultur lankidetza indartzea, sortzaileen mugikortasuna sustatzea eta mugaren bi aldeetako kultur eragileen arteko elkarlan-sare egonkorrak eraikitzea.

Lehen edizio honetan, Kometak proiektua egonaldi artistikoen truke baten bidez gauzatuko da, eta Damaris Pan eta Matthias Malefond izango dira ekimenaren protagonistak. Deialdi publiko baten bidez hautatu dituzte, aurkeztutako 58 proposamenen artean. Hautaketa-batzordean erakunde antolatzaileetako ordezkariek ez ezik, Peio Aguirre komisario eta editoreak eta Elsa Oliarj-Ines zinemagile eta artistak ere hartu dute parte.

Ikerketa eta esperimentazio artistikora bideratutako egonaldi hauek sei asteko iraupena izango dute, eta 2026ko apirila eta maiatza bitartean izango dira. Damaris Panek apirilaren 13tik maiatzaren 24ra garatuko du bere proiektua Bordeleko Zebra3 arte garaikidearen zabalkunde eta ekoizpenerako zentroan, Matthias Malefondek, berriz, apirilaren 6tik maiatzaren 15era egingo du bere egonaldia Nafarroako Uharte Zentroan, arte garaikidearen ikerketa eta esperimentaziorako gunean. Denbora horretan, hautatutako artistek beren ikerketa- eta sorkuntza-prozesuak garatuko dituzte, eta ondoren jendaurrean aurkeztuko dituzte, egindako lanaren eta esperientziaren mugaz gaindiko izaera nabarmenduz.

Hautatutako proiektuak

Damaris Pan artista mallabiarrak egonaldian pintura izango du ardatz, eta praktika piktorikoaren izaera espekulatzailea eta gaur egun margotzeak dakartzan kontraesanak abiapuntu hartzen dituen lana garatuko du Derrapaje metafórico izenpean. Esperientziaren, zuzeneko esperimentazioaren eta hausnarketa kritikoaren artean mugitzen den proiektua izango da.

Egonaldian zehar, bere lanak testuinguruarekin, pinturaren gatazka historikoekin eta harreman sare batean parte hartzearekin sortzen dituen frikzio prozesu berriak aztertuko ditu. Hizkuntzari erreparatuko dio hura bihurritzeko, bere baldintzei buruzko hausnarketa ahalbidetuz. Proiektuak zentzumenak jartzen ditu erdigunean, gozamen estetikorako funtsezko bide gisa. Umorez, baina oso serio.

Matthias Malefondek, bere aldetik, soinu instalazio eta instalazio plastiko batean gauzatuko den ikerketa eta sorkuntza proiektua garatuko du egonaldian. Bertan tradizioak denboran izoztutako ondare gisa baino, aztarna eta narrazio aldakor bezala landuko ditu.

Euskal kantu tradizionalen motibo eta egituretatik abiatuta hainbat soinu pieza konposatuko ditu Malefondek, eta bertako materialak erabiliz zanfona bat egitea ere aurreikusten du. Aipatutako kantuen mikro tarteak eta ezaugarriak esploratuz, proiektuak tradizioa eta musika garaikidearen arteko elkarrizketa ezarri nahi du.

Egitasmoa soinua eta egonaldian zehar egindako planoen proiekzioa uztartuko dituen gailu espazial batekin osatuko da, espazioa artxibo izaera duen ingurune bilakatuz. Instalazio honen bidez memoria kolektiboaren aztarna ikusezinak agerian jartzea da bere asmoa.

Proiektuaren ikuspegia berau garatzen den testuinguru natural, sozial eta materialari estuki lotutako praktika batean oinarritzen da, topaketari eta esperimentazioari irekia dagoena. Honenbestez, egonaldia lurraldeen arteko elkarrizketak ehuntzeko eta sorkuntza artistikoaren bidez lotura horiek gauzatzeko aukera gisa ulertzen du.

Zabaldu:

Utzi erantzuna