(argazkia: Bulegoa z/b)

Danele Sarriugartek ‘Letra xehez idaztea’ egitasmoa aurkeztuko du otsailaren 26an, Bilbon

Letra xehez idaztea idazteko/esateko modu berri baten bilaketa eta esperimentazioa da. Idazleak arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko du Bulegoa z/b-n.

Danele Sarriugartek (Elgoibar, 1989) Letra xehez idaztea egitasmoa aurkeztuko du otsailaren 26an, Bilboko Solokoetxe auzoan dagoen arte- eta jakintza-arloko bulegoan (Bulegoa z/b). Idazle eta itzultzaile gipuzkoarraren proposamena Simon Asencioren Left/Write! (Rescript) lanarekin batera aukeratu zuten iazko egonaldien deialdian. Epaimahaia Aimar Arriolak (kuradorea, editorea eta ikertzailea), Laida Lertxundik (artista) eta Bulegoa z/b-ko kideek osatu zuten.

Sarriugartek azaldu duenez, “Letra xehez idaztea idazteko/esateko modu berri baten bilaketa eta esperimentazioa da. Letra xehez idazteak/esateak kokapen berri bat ekartzen dio idazketari, desplazatu egiten du idazten/esaten duena, testu-forma berri bat bilatu nahi du, material propioetatik abiatuta idatz eta esan daitekeenaren mugak ikertu eta behartu nahi ditu, hortik sor daitezkeen ahotsen aniztasuna aztertu nahi du”.

Horretarako, Sarriugartek azken urteetan argitaratu dituen hiru testu hartuko ditu abiapuntu gisa: “Zer gertatzen da K herrian ilargi beteko gauetan?Haragia eta porlana eta Popperra, afterra, utopia. Letra xehez idazteko lehen hurbilketak izan dira, baina idazketa-modu berri horrekiko hainbesteko kontzientziarik edo hausnarketarik gabe”.

Jarraitutasuna ere badagoen arren, “nire aurreko bi nobelekiko aldaketa nabarmen bat dago ahotsean, eta nahiz eta material autobiografikoak diren testuen oinarria, ikuspegiak eta ahotsak zatitu eta ugaritu egiten dira. Hiru testu horiek enkargu moduan idatzi nituen, baina ikertzen segitu nahi dudan elementu batzuk ikusten ditut denetan, eta enkarguen mugetatik askatuta beste norabait eraman ote nazaketen probatu nahi dut”, adierazi du egileak.

Zabaldu: