Dantza, bertsoa eta musika bat eginda ‘Errimak bi oinetan’ ikuskizunean

Garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldia dakar Haatik Dantza konpainiak. Estreinaldia Irailaren 27an izango da Hondarribian.

Errimak oinetan ikuskizunarekin bizitakoaren ondoren, formatu bera izango duen gai, bertso eta dantza berriez osatutako bigarren ikuskizun batekin dator Haatik Dantza taldea: Errimak bi oinetan. “Garai bateko eta gaurko bertso eta doinuez osatutako emanaldi entretenigarri eta dibertigarri bat da”, konpainiaren esanetan.

Bertso ariketa eta jokoak dantzara eramatea da emanaldi honen berezitasuna edo ezberdintasuna eta bertso sorta zahar eta berriei mugimendua emanez, gaurkotasunari buruzko gogoetak plazaratzea. Bertso saioak bezala, antzoki eta areto handietan egiteko emanaldi egokia izan arren, espazio ezberdinetara erraz moldatzeko aukera emango duen formatu sinple batean oinarritzen da emanaldia.

Unai Elizasu eta Aiert Beobide dira Errimak bi oinetan ikuskizunaren zuzendariak. Sustrai Kolina, Uxue Alberdi, Odei Barroso, Ibon Ordoñez, Aitor Mendiluze eta Aitor Sarriegi bertsolariek, besteak beste, bertsoak jarri dizkiote emankizunari, Igelaren Banda zuzentzen duen Bixente Martinez, bere lan-taldearekin batera, musikaz arduratu da. Maialen Arzallusek, Aitor Mendiluzek, Irati Sorondok, Anne Jauregik eta Thierry Biscaryk berriz, abestuko dute eta Beobide bera, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Nagore Zabala izango dira taula gainean arituko diren dantzariak.

Estreinaldia Hondarribiako Itsas Etxean izango da hilaren 27an, ostirala, arratsaldeko 20:00etan.

Zabaldu: